NANa eta pasaportea Arrasaten tramitatzeko aukera izango da azaroaren 18an, proba pilotu bati esker
2025/10/31
Aldarrikapen historikoa da Nortasun Agiria edota pasaportea Arrasaten tramitatzearen eskaera. Hori errealitate izango da datorren azaroaren 18an, Estatuko Gobernuaren Ordezkariordetzak martxan jarritako administrazio-izapiderako unitate mugikorrarekin.
Arizmendiarreta plazan kokatutako unitate mugikorra
Gobernu estatalak martxan jarri duen unitate mugikorra azaroaren 18an izango da Arrasaten. Guztira 16 txanda egongo dira, Nortasun Agiria edo pasaportea egiteko. 9:30etik 13:00etara izango da erabilgarri.
Izen emate eta baldintzak
Dagoeneko posible da hitzordua hartzea BAZeko bulegoetan edota online esteka honetan azaroaren 15era arte, hau izango da azken eguna izena emateko. Bertaratzen denak hainbat dokumentu eraman beharko ditu, hiriburuetako Polizia Nazionaleko egoitzetan bezala. Dokumentu honetan laburbildu dira oinarri eta baldintza guztiak.
Gobernu Ordezkariordetzak jakinarazi duenez, bereziki garrantzitsua da tramitearen kostua eskudirutan eramatea, izan ere, unitate mugikorrek ez dute txartel bidez ordaintzeko sistemarik.
Proba pilotua
Azaroaren 18ko hitzordua bakarrik konfirmatu dute momentuz Udalak eta Estatuko Gobernuaren Gipuzkoako Ordezkariordetza. Eskaera handia dagoela konfirmatzen bada, hitzordu berriak ezartzeko konpromisoa agertu dute.
“Herritarrari hiriburuetara desplazamenduak egitea ekidin nahi dugu modu honetan, herrian tramite administratibo hauek eginez” azaldu du Maider Morras alkateak.
Eskaera historikoa eta Nagusien Kontseiluak berretsia
Administrazio ezberdinetako tramiteak burutzeko bulego eta ordezkaritzak eskualdean izatea “aldarrikapen historikoa” dela azpimarratu du alkateak. “Horrela berretsi zigun Arrasateko Nagusien Kontseiluak, besteak beste. Nortasun Agiria edota pasaportea egiteko tramitea Arrasaten egiteak, pertsona nagusiei zein herritar orori, desplazamenduak ekidin eta bizitza errazteko neurria baita” azaldu du Morrasek.