Obenerreka frontoian kokatuko den Parkour Parkea eraikitzeko lanak apirilean hasiko dira

2022/03/03
Obraren aurrekontua 217.994,41 eurokoa da, BEZa barne. Lanek 4 hilabete irautea aurreikusten da. Udalaren helburua da urteko bigarren seihilekoan Parkour parke berria zabalik izatea.

Obenerreka frontoian kokatuko den Parkour parkea eraikitzeko lanak apirilean hasiko dira. GOITU ERAIKUNTZAK SL enpresak egingo ditu, lizitazio publikoan puntuazio onena lortuta. 3 enpresak aurkeztu dituzte beren eskaintzak. Obraren aurrekontua 217.994,41 eurokoa da, BEZa barne. Lanek 4 hilabete irautea aurreikusten da. Udalaren helburua da urteko bigarren seihilekoan parkea bukatuta izatea eta gune degradatu honen errekuperazioa amaitzea.

Parkour parkearen ideia izan zen 2019an Haurren Kontseiluak proposatutako ekimenetako bat. Udalak, eskaera horri erantzunez, proiektua landu zuen 2021ean, eta herritarrek aukeratu zuten, partaidetza prozesu batean, Parkour parke eredurik gogokoena.

Parkourra, freerunning ere deitua, entrenamendu diziplina bat da, oinarritzen dena gorputza eta burua garatzen mugimenduaren, erronken eta esplorazioaren bidez. Korrika egitea, salto egitea, igotzea eta karraskatzea bezalako jarduerak konbinatzen ditu, praktikatzen dutenei bidean duten edozein oztopo gainditzen uzteko. Jarduera dibertigarria eta sortzailea da, eta adin, genero eta gaitasun maila guztietako pertsonek parte hartu dezakete. Praktikatzen dutenek eskura duten arkitektura erabiliz esploratzen dituzte beren trebetasunak, eta etengabe dihardute erronka eta modu berriak aurkitzen beren ingurunera egokitzeko.

Parkeak elementu batzuk izango ditu jauziak egiteko eta hormak igotzeko, zutabe eta heldulekuez osatuak. Kautxuzko zoladura bat jarriko da, gertatu daitezkeen erorikoak arintzeko. Jarduketa osatzeko, saneamendu azpiegiturak egokituko dira euri-urak biltzeko, eta argiztapen sistema jasangarria ezarriko da. Ura edateko iturri bat ere izango da bertan.

Maria Ubarretxena alkateak eta Victoriano Fuentes zinegotziak nabarmendu dute ezaugarri horiek dituen lehen gunea izango dela Arrasaten: “gizabanakoaren mugimen gaitasunean oinarritutako lehen parkea izango da. Gainera, proiektu honekin, Obenerreka ingurua errekuperatu eta osorik biziberrituko da, aisialdirako eta kirolerako gune gisa; gainera, partaidetzako eran egina. Auzoekiko apustu estrategikoa da, gune degradatu bat errekuperatzen dugu-eta auzotar eta arrasatear guztientzat”. 

Auzoetan 12 milioi euro bi legealdian, erdigunean baino 4 bider gehiago

Arrasateko udal gobernuak auzoekiko apustua berretsi du Parkour parkearen obra baliatuz: “Azken 6 urtean ia 12 milioi euro inbertitu dugu herriko auzoetan, erdigunean inbertitu dena baino 4 bider gehiago (erdigunean 3.310.000 € inbertitu da). Arrasatear gehienak auzoetan bizi gara, eta udal gobernu honen helburu nagusia da herritar guztien ongizatea bermatzea. Inbertsio plan zehatza jaso genuen gure Udal Gobernuaren Programan lehenik, eta gero 2019-23 Herri Planean. Guztira 36 ekimen dira, asko eta asko jada gauzatuak, eta beste hainbat bidean direnak, Parkour parkea kasu”.