Ohiko esku-hartze kopurua bikoiztu du Arrasateko Udaltzaingoak hiru-hileko honetan Covid-19aren pandemia medio

2020/06/04
Konfinamendua erabat betetzeko kontrolak eta dispositiboak areagotu egin dira Alarma Egoeran: 2.217 pertsona identifikatu dira; atxilotuak 3 izan dira. Gelditu diren ibilgailuak 5.254. 212 santzio proposamen gauzatu dira.

Azken hiru hilabeteetan (martxotik maiatzera) Arrasateko Udaltzaingoak 1541 jarduera burutu ditu. Egoera berezia izan da hiruhileko honetakoa Covid-19ak eragindako pandemia medio. Datuen errepasoa burutu dute Maria Ubarretxena alkateak eta Zigor Andino Udaltzainburuak.

Nabaria izan da hiru hilabeteetan udaltzaingoaren ohiko lanei begira, trafikoa bezalako jarduerek nabarmen egin dutela behera, eta aldiz, elkarbizitza arazoak gehitu egin direla. Udaltzaingotik adierazi dutenez, bereziki, “etxeetan izandako zaraten pikoa apirilean eman zen, konfinamenduaren momenturik gogorrenean”.

Konfinamendua erabat betetzeko kontrolak eta dispositiboak areagotu egin dira Alarma Egoeran. Osasun zentroetan eginiko kontrolak 270 izan dira (56 martxoan, 116 apirilean, eta 98 maiatzean). Saltokietan egindakoak,  berriz, 419 (76 martxoan, 204 apirilean, eta 139 maiatzean). Zonalde publikoetan 270 (98 martxoan, 117 apirilean, eta 55 maiatzean).

Bide publikoan identifikatutako pertsonak eta atzemandako ibilgailuak ugaritu egin dira: 2.217 pertsona identifikatu dira; gehien konfinamenduaren unerik zorrotzenean (451 martxoan, 1448 apirilean, eta 318 maiatzean); atxilotuak 3 izan dira. Gelditu diren ibilgailuak 5.254 izan dira (1369 martxoan, 2744 apirilean, eta 1141 maiatzean). 212 santzio proposamen gauzatu dira (76 martxoan, 72 apirilean, eta 64 maiatzean).

COVID 19 eta alarma egoeraren datuen ikuspegitik udaltzaingoak, “herritarren zalantzak argitu ditu: 201 izan dira artatze presentzialak, baina izandako telefono deiak boskoiztu egin dira”.

Esku-hartzeei dagokienez, martxoa, apirila eta maiatza bitartean 781 zenbatu ditu udaltzaingoak. Horietatik 432 arlo administratiboari loturikoak izan dira, hala nola, animaliei, zaratei, alarmei, dokumentu galerei, edota erorketei loturikoak. Beste 77 segurtasun arlokoak izan dira eta kasu honetan liskarrak, matxurak edota kalte materialak nagusitu dira. Trafikoan, aldiz, guztira 82 esku-hartze egin ditu udaltzaingoak, eta ingurumen alorrean 53, tartean suteak, zuhaitz erorketak, istripuak...

Lapurretak behera

Lapurretek behera egin dute urteko lehen hilabeteekin alderatuz. Urtarrila eta otsailean 20 lapurreta eman ziren eta 7 saiakera; martxotik maiatzera bitarteko hiruhilekoan, berriz, 10 lapurreta eta 6 saiakera.

COVID19 aren inguruan lan ugari burutu ditu Udaltzaingoak: prezintoak jarri dira bertan egotea debekatutako guneetan, parkeak itxi eta zabaldu dira, terrazak kontrolatu dira, parkeak gainbegiratu dira, jendearen joan etorriak kontrolatu dira… Baina horietaz gain, nitrilozko maskarak banatu dituzte herriko saltokietan, Elikagaien Bankuarekin elkarlanean, janari banaketan egon da udaltzaingoa; baita gizarte laguntzaileek edo bizilagunek aspaldi bizilagunen bat ikusi ez badute eta kezka azaltzen bazuten pertsona horiek ondo zeudela ziurtatzera jo dute, herritarren eskariei erantzun egin zaie ahal izan den guztietan, eta abar.

Udaltzaingoak nabarmendu duenez, “beste polizia-kidego  batzuekin kolaboratu da eta eurekin koordinazioa oso handia izan da; Ertzaintza eta beste udaltzainekin; azken batean, denok irizpide berdinak erabili ditugu eta horrek koherentzia eman die gure jarduerei”.

Maria Ubarretxena alkateak zorionak eman nahi izan dizkie Arrasateko Udaltzainei, eta eskertu du "egunero egiten ari diren lan bikainagatik, neurri guztiak betearazteko profesionaltasun- eta entrega-maila handia erakutsiz", eta "gehien behar dutenei laguntza emateko lana" ere azpimarratu du, "dei asko ari baikara erantzuten eta ondorioz zerbitzu are gehiago eskaintzen".