Ondare industriala balioan jartzeko ‘Unión Cerrajera’-ko izena berrezarri du Udalak Kulturolan, Arrasate Zientzia Elkarteak eskatuta

2025/04/29
Card image cap
Izenarekin batera, fabrikako sirena originala ere ezarriko dute eta maiatzaren 1ean joko du berriz ere, langileen nazioarteko egunaren harira.

Arrasateko Udalak gaur jarri du `Unión Cerrajera’ izena daraman errotulua, eraikinaren jatorrizko izena berreskuratuz eta industria ondareari “ekarpen baliotsua” egin nahian.

Ekimena Arrasate Zientzia Elkartearena izan da. Urte luzez egin duten eskaera da eraikinaren jatorria izan zenaren izena berreskuratzea. “Uste dugu industria ondareari ekarpen handia egingo diola jatorrizko izena berreskuratzeak, izan ere, fabrika horrek erabat baldintzatu zuen Arrasateko egunerokoa. Ehunka herritarrek egiten zuten bertan lan, eta Arrasate ‘herri sarrailagile’ bezala ezagutzera eman zen” azaldu du Maider Morrasek, Arrasateko alkateak. Esker mezua helarazi die Morrasek Arrasate Zientzia Elkarteko kideei, “egiten duten lan guztiagatik”.

Fabrikako sirenak berriz joko du Maiatzaren 1ean

Eraikinaren jatorrizko izena berreskuratzeaz gain, Udalak eta AZEk fabrikako sirena ere berreskuratuko dute. Hau berrinstalatu eta maiatzaren 1ean joko du berriz ere, langileen nazioarteko egunean.

"Fabrikako sirenak hainbat aldiz jotzen zuen egunero, langileen lanorduak iragarriz. Sirena hori maiatzaren 1ean entzungo da berriro, langileen nazioarteko egunean, eguerdiko 12:00etan, bertan sortutako langile klasea eta mugimendu sindikala gogoan izateko", azaldu du Morrasek.

UNION-CERRAJERA-HITZAK-BERRIRO-ERAIKINEAN-JARTZEN-696x473.jpg

Ondare industrial eta historikoarekin konpromisoa

Arrasteko Udal Gobernuak, halaber, ondare industrial eta historikoarekiko “konpromiso osoa” erakutsi nahi izan du. Horren adibide jarri ditu azken aldian egindako eta egin asmo dituzten interbentzioak.

Agintaldi honetan burutu diren proiektuak:

  • Markuleteko labea berreskuratzea eta hau birgaitzeko azterlana egitea.
  • Zerrajerako arkuan mantentze eta eraberritze lanak egitea.
  • Arrasate 360º bisita birtuala garatzea, ondare historikoa eta industriala bisitatzeko aukera izateko.
  • Etxe Txikietan plaka oroigarria jartzea (AZEren eskariz)
  • Kulturolako eraikinean “Unión Cerrajera” errotulazioa berreskuratzea (AZEren eskariz)

Aurten martxan jartzea aurreikusten direnak:

  • Portaloiko atea eraberritzea
  • Iturriotzeko atea eraberritzea

3acd320c-e6dc-42b3-9f89-ca179f0e9e4b_16-9-aspect-ratio_default_0.jpg