Oreixe Akustikoa musika zikloa egingo da Arrasaten irailaren 8tik 17ra, sei emanaldirekin

2023/08/31
Card image cap
Zuzeneko emanaldi akustiko hauek Kulturatetik Juan Arzamendi Musika Etxeko (JAME) Auditoriumera pasatuko dira, “bertan estreinatutako Auditoriuma punta-puntako espazioa baita zuzeneko emanaldi artistikoetarako”

Urteroko zuzeneko musika emanaldi akustikoak bueltan dira Arrasatera. Aurten baina, bi aldaketa nabarmenekin iritsiko da zikloa: izen eta leku aldaketarekin. Izan ere, aurten emanaldiak Kulturaten barik Juan Arzamendi Musika Etxeko (JAME) auditoriumean izango dira. JAME zuzeneko musikarekin lotzeko helburuz egin du aldaketa aurten Arrasateko Udalak, “bertan estreinatutako auditoriuma punta-puntako espazioa baita zuzeneko emanaldi artistikoetarako”, zehaztu du Andoni Arratibel Kultura zinegotziak. “Aurten, beraz, helburua bikoitza izan da, alde batetik, herritarrei kalitatezko kultura eskaintza ematea JAMEn; eta, bestetik, aurrerantzean, zuzeneko musika emanaldi hauek Arrasate Musikaleko ikasleei ere gerturatzea, haien ikaste prozesuetan aberasgarria izango delakoan”, gehitu du. Musika Etxea, musika ikasteko espazioa izateaz gain, udal gura du espazio bat izatea erreferentzia artistiko berriak ezagutzeko.

Beste berrikuntza izen batekin iritsi da aurten. Egitasmoa Kulturatetik JAMEra pasatzeak ezinbestean ekarri du izenaren aldaketa ere. Udalak hausnarketa egin du izen berriaaukeratzeko, eta horretan, “aukera paregabea aprobetxatu gura izan dugu galtzen ari den Arrasateko euskalkia berreskuratzeko”, azaldu du Arratibelek. “Oreixe berbak ekaitza esan gura du, eta azken hamarkadetan horren erabilera galtzen ari bada ere, egokia iruditu zaigu musika zikloari izena emateko, ekaitz akustiko eta artistikoa izan dadin”.

Emakumeak izango dira protagonistak emanaldi guztietan

Aurtengo XV. edizio honetarako, Arrasateko Udalak sei emanaldi antolatu ditu. Emanaldiak asteburu bitan banatuko dira, eta guztietan egongo da emakumeen presentzia.  Andoni Arratibel Kultura zinegotziak zehaztu duenez, “egunero izango dira emakume musikariak oholtza gaineko lehen lerroan, eta izango dira protagonista nagusiak”.

Emanaldi bakoitzerako sarrerak www.arrasate.eus helbidean eskuratu ahalko dira astelehenetik aurrera, eta egunean bertan emanaldi bakoitzaren aurretik leihatilan. Sarrera bakoitzaren prezioa 5 €-koa izango da.

Karmelo Alberdi Arrasateko Udaleko kultura programatzaileak eman ditu egitarauari eta parte hartzaileei buruzko xehetasunak:

  • Irailaren 8an, egubakoitza, 19:30ean. OLAIA INZIARTE.
    Artista nafarraren lehen diskoak harrera ezin hobea izan du euskal musikaren plazan. Sonoritate tradizionalena, abangoardistarenarekin harilkatuz pop ilun estiloko konposizioak bildu ditu “Lehengo Lepotikan Burua” lanean.
  • Irailaren 9an, zapatua, 19:30ean. SARA AZURZA.
    Musikagile eta abeslariak urtarrilean aurkeztu zuen bere lehen lan osoa: “Hemen berriro”. Bederatzi abestiz osatutako diskoa da, pop, soul, funky eta elektronika doinuak nahasten dituena , bizitzako ziklo emozionalei eta mota ezberdinetako barne emozioei eta sentimenduei zuzendutakoa. Azurzak, diskoan eta zuzenekoan, Iker Lauroba, Julen Barandiaran eta Haritz Lauroba ditu alboan.
  • Irailaren 10ean, domeka. EMILIA Y PABLO.
    Bikoa txiletarra da, Madrilen bizi dena, eta folklore latinoamerikarra eta flamenkoa uztartzen ditu emanaldietan, modu berezian uztartu ere. Folklorea defendatzen dute influentzia ezberdinak arakatzeko hizkuntza gisa, jaropoa, boleroa edo chacarea bezalako soinu latinoamerikarretatik etorri edo kultura flamenkotik etorri.
  • Irailaren 15ean, egubakoitza, 19:30ean. BASKERY.
    Baskery da hirukoa, suitzarra, Greta, Stella eta Dunniva Bondesson ahizpek osatutakoa, eta folka, bluesa, countrya eta hegoaldeko rocka uztartzen ditu, eta hiru ahotsetara abesten dute. Eszenatokira daramaten ikuskizuna liluragarria da, zuzeneko indartsu batekin.
  • Irailaren 16an, zapatua, 19:30ean. VERDE PRATO.
    Verde Prato da Ana Arsuaga (Tolosa, 1994) musikari eta margolariaren bakarkako proiektua. Gai minimalistak aurkezten ditu teklatua eta ahotsa erabiliz, askotan herriko folklorearen tradizioan oinarrituta, abestiaren bidez hitzaren eta airearen arteko batasuna aztertzeko. Euskaraz abesten du, batez ere, eta haren musikak oinarri raperoen sekuentzia elektronikoak, bateriak eta perkusioa tartekatzen ditu. “Adoretua” bigarren lan luzea aurkeztuko du.
  • Irailaren 17an, domeka, 19:30ean. SOFÍA COMAS.
    Konpositorea, kantaria eta performerra da, eta “A un pájaro rojo” lana osatu du Julian Fuentes Reta zuzendariaren eta Merce Matus koreografaren kolaborazioekin. Magia poesiaren aldera gisa aurkezten du, eta egilearen testuak nahasten dira kantuekin eta poeta famatuen lanekin. Emanaldian batzen ditu teknologia (musika elektronikoa, diseinu sonoroak eta argiztapena) eta antzina (mugimendua, hitza eta errituala).