Osoko bilkurak 2027ko ordenantza fiskalak onartu ditu, etxebizitza hutsei errekargua bikoiztuz, hauen merkaturatzea bultzatzeko
2026/10/16
Arrasateko Udaleko 2027ko Ordenantza Fiskalak onartu ditu gaur ospatu den Osoko Bilkuran. Proposamenak 11 aldeko boto jaso ditu (EH Bildu eta Elkarrekin Arrasate) eta 8 ezezko (EAJ eta PSE). Udal Gobernuak azaldu du neurri fiskal berri hauen helburu nagusia herritarren beharrei erantzuna bermatzea dela, bereziki etxebizitza eskuratzeko aukerei atea zabalduz eta zerga sistema bidezkoago bat finkatuz.
Etxe hutsei errekargua, etxe hutsak alokairu merkatura atera daitezen
“Etxe hutsei jarriko zaien errekargu gehigarriaren helburua ez da dirua biltzea, etxebizitza hutsak alokairuaren merkatura ateratzea baizik”, hala adierazi du Joseba Ezpeleta, Ogasun saileko zinegotziak.
Gaur egun bizi dugun bizitoki-larrialdiari aurre egiteko, Udalak urrats sendoa egingo du: hutsik dauden etxebizitzen gaineko errekargua % 50etik % 100era igoko da. Modu honetan, ohiko bizitokia ez den etxebizitza hutsik mantentzea erabakitzen duten jabeek, Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga bikoitza ordaindu beharko du.
Neurri honen helburua ez da Udalaren diru-bilketa handitzea, baizik eta gaur egun hutsik dauden etxebizitzak alokairu-merkatuan sartzea. Etxebizitza larrialdi testuinguru honetan, tresna publiko guztiak erabili behar dira etxebizitza-eskaintza handitzeko. Konponbidea ez da soilik etxe gehiago eraikitzea, merkatuan interbenitzea eta hutsik dauden etxeak merkaturatzea baizik. Etxebizitzak ezin dira inbertsio edo espekulazio ekonomiko gisa ulertu; pertsona orok bizi-proiektu bat garatzeko duen ezinbesteko eskubidea dira.
Bizitegi-merkatuko tentsio eremuen izendapenerako sortutako diagnostikoan, honako datu hauek jasotzen ziren:
● Erroldarik gabeko etxebizitzak Arrasaten: Udalaren errolda-datuetan oinarritutako irizpidearen arabera, Arrasaten 1.045 etxebizitzatan ez dago inor erroldatuta, hau da, parke osoaren %9,7. Nolanahi ere, txostenak azpimarratzen du horietako askok noizbehinkako erabilera edo erabilera erdi-egonkorra dutela.
● Alokairu eskatzaileak Etxebiden: 2024ko urriaren 1ean Arrasaten 1.190 etxebizitza eskaera zeuden aktibo.
Ondorioz, estimazioen arabera, hutsik dauden etxebizitza kopurua merkatura aterako balitz, eskatzaile gehiengo handi bati aterabidea emanik. Dena den, txostenean aipatzen den bezala, erroldatutako etxebizitza bat ez du zertan hutsik egon, izan daiteke alokairuzko etxebizitza bat, adibidez. Horregatik, jabego hauek aukera izango dute errekarguaren salbuespena eskatzeko udaletxean. Horretarako, 12 kasu jasotzen ditu Ordenantza Fiskalak, eta guztiak behar bezala justifikatuta egon beharko dira onartuak izateko.
Udalak gogorarazi du Eusko Jaurlaritzako Bizigune programak etxebizitza hutsak alokairu-merkatuan sartzea sustatzen du, jabeentzat berme eta segurtasun handiagoa eskainiz. Programaren bidez, Eusko Jaurlaritzak etxebizitza kudeatzen du eta jabeari errenta bermatua eta etxebizitzaren mantentzearekin lotutako zenbait berme eskaintzen dizkio; aldi berean, alokairu eskuragarriagoa ahalbidetzen du eta etxebizitza behar duten pertsonei etxebizitza bat eskuratzeko aukera ematen die Alokabideren bitartez.
Tasa turistikoa: tasa minimoa orokorrean, gehienezkoa etxebizitza turistikoei
Gipuzkoako Foru Aldundiaren araudi berriak hala behartuta, ordenantza berriak egonaldi turistikoen gaineko zerga berria ezarriko du. Arrasatek ez du turismo masifikazio arazorik, eta horregatik, ostatu gehienei (hotelak, pentsioak, nekazaritza-turismoak edo aterpetxeak) ezar daitekeen tasa txikiena edo minimoa aplikatuko zaie. Halere, neurri honek salbuespen nagusi bat du: etxebizitza turistikoak.
Etxebizitza turistikoei (osorik zein logelaka alokatutakoei) nahiz apartamentu turistikoei gehienezko karga tasa ezarriko zaie. Erabaki honen bidez berriro azpimarratzen da etxebizitzak pertsonen bizi-proiekturako eskubidea izan behar duela, eta ez negozio espekulaziorako bidea.
|
Establezimendu mota |
Tasa |
|
5 izarreko hotelak edo kategoria baliokideak |
4,50 € |
|
4 izarreko hotelak edo kategoria baliokideak |
3,50 € |
|
3 izarreko hotelak edo kategoria baliokideak |
1,50 € |
|
2 izarreko hotelak edo kategoria baliokideak |
1,00 € |
|
1 izarreko hotelak edo kategoria baliokideak |
0,75 € |
|
Pentsioak |
0,75 € |
|
Apartamentu turistikoak |
3,50 € |
|
Nekazaritza-turismoak |
0,75 € |
|
Turismoko beste ostatu-establezimendu batzuk |
0,50 € |
|
Etxebizitza turistiko osoa alokatzea |
6,50 € |
|
Etxebizitza turistikoa logelaka alokatzea |
6,50 € |
Tasa eta zergen eguneraketa pentsioen igoeraren arabera
Onartu berri den ordenantzarekin, datorren ekitalditik aurrera, Udalak berrikuntza garrantzitsu bat txertatuko du tasa eta zergen eguneraketan. Orain arte, Udalak aurreikuspen edo estimazio bidez zehazten zuen aldaketa. Aurrerantzean, ordea, pentsioei aplikatzen zaien igoera bera (KPIaren/inflazioaren araberakoa) ezarriko zaie zerga eta tasei ere.
Progresibitatearekin jarraitzeko apustua
Ordenantza berriak 2026an ezarri zen berrikuntza nabarmenena mantenduko du: progresibitatea. “Gutxien duenak gutxiago ordaindu dezan” printzipioaren barruan, ezinbesteko tresnatzat jo dute ezberdintasun sozioekonomikoak gutxitzeko. Honekin elkartasun eta justizia sozialaren irizpideak txertatzen direla defendatuz.