Arrasateko Udalak diruz lagunduko ditu ostalariek terrazetan egindako inbertsioak

2020/11/20
2020ko martxoaren 14tik abenduaren 31ra bitartean egindako material erosketak edo inbertsioak lagunduko ditu (toldoak, itzalkinak, jaimak, manparak, altzariak, berogailuak…). Enpresa edo jarduera bakoitza finantzatuko da gehienez % 25, 2.000 euroko mugarekin.

Arrasateko Udalak dirulaguntza lerro bat jarri du abian ostalaritzak eta bestelako jarduerek terrazetan egindako inbertsioak laguntzeko. Laguntza hau kokatzen da Indarberritze Planaren bigarren neurri sortaren barruan, udalak sortu zuena herriko ostalaritza babestu eta indarberritzeko. 

Laguntzak Arrasateko establezimenduei zuzenduta daude,  betiere jarduera garatzen den lokalaren kanpo aldean jarritako instalazioak finantzatzeko jomugarekin. Hori horrela, laguntzaren onuradunak izango dira Arrasateko ostalaritza eta ostalaritza jardueran zehazki ez daudenak baina lokalaren kanpoaldean terraza zerbitzua daukatenak.

2020ko martxoaren 14tik abenduaren 31ra bitartean egindako material erosketak edo inbertsioak lagunduko ditu (toldoak, itzalkinak, jaimak, manparak, altzariak, berogailuak…). Enpresa edo jarduera bakoitza finantzatuko da gehienez % 25, 2.000 euroko mugarekin. 

Eskaerak aurkezteko epea amaituko da abenduaren 31n, eta zuriketa egiteko epea urtarrilaren 20an. Eskaerak aurkeztu daitezke BAZen edo Herritarren Atarian.

Terrazen azalera bikoiztea eta ordutegia zabaltzea mantendu egingo dira 2021ean

Datorren urtera begira, Arrasateko Udalak jarraipena emango dio hainbat neurriri, pandemia garaian ostalaritza sektoreari begira hartutakoak: hala nola terrazen bikoiztea eta ordutegiak zabaltzea mantendu egingo dira.

Horrela, udalak jarraituko du terrazei espazio bikoitza ematen, uda aurreko deseskalatze fasean egin moduan, ezelako kostu gehigarririk barik.

Ordutegien kasuan, berriz, terrazak irekitzeko ordutegia zabalduko da 2021ean, eta pandemia garaian onartutako zabaltzea mantenduko da: goizeko 7:30ean ireki ahal izango dira zerbitzuak emateko, eta ez goizeko 10:00etan, orain arte bezala.

Ur tasaren zati finkoa eta zaborren tasa ez zaie kobratuko ostalariei, ezta elkarte gastronomikoei ere

Azken hiruhilekoaren ur tasaren zati finkoa ez da kobratuko, hau da, urrikoa, azarokoa eta abendukoa, eta zaborraren tasari dagokionez, ez da kobratuko azken hilabete biei dagokien tasa, azarokoa eta abendukoa. Neurria aplikatuko zaie ostalariei eta elkarte gastronomikoei.

Jada aurretiaz, Arrasateko Udalak maiatzean ezarritako Indarberritze Planaren barruan, 2020ko lehen sei hileko zabor tasa eta ur tasaren hobaria eman zen. Era berean, terrazei dagokienez, 6 hileko hobaria egokitu zen.

Neurri horiekin, orain arte 656 negoziori lagundu zaie, 330.000 euroko balioarekin. Orain, Udalaren helburua da, Covid-19a saihesteko ezarritako itxialdian, ostalaritza alorreko enpresa txiki eta autonomoak laguntzea, haien biziraupena bermatzea eta enplegua babestea.

Dirulaguntza berri bat abian, Arrasateko irabazi asmorik gabeko elkarteen inbertsioak laguntzeko

Dirulaguntza lerro honen helburua da COVID 19aren pandemiagatik beharrezkoak izan diren higiene neurri bereziak ezartzeko egindako gastuak eta inbertsioak finantzatzea. Laguntzak zuzenduta daude Arrasateko irabazi asmorik gabeko elkarteei, beren eginkizuna Arrasaten gauzatzen badute.

Laguntza lerro honen bitartez diruz lagunduko dira higiene neurri berezi berriekin lotutako produktuen, ekipoen eta instalazioen gastuak, COVID-19 pandemiagatik ezarri behar izan direnak zerbitzua emateko: BEP (babes ekipo pertsonalak), espazioak higienizatzeko produktu eta ekipo bereziak, erabiltzaileak babesteko instalazio eta ekipo bereziak, eta derrigorrez egin behar diren test-ak, COVID-19arekin lotuak.

Programa honek lagunduko du 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera egindako gastuen edo inbertsioaren % 50, gehienez jota 500 €  elkarte bakoitzari. 

Eskaerak egin daitezke abenduaren 31ra arte.