Ostalariek terrazetan inbertsioak egin dituztela-eta Arrasateko Udalak abian jarri du dirulaguntzen bigarren deialdia

2021/02/26
• Lagunduko ditu 2020ko martxoaren 14tik 2021eko apirilaren 30era arte egindako material erosketak edo inbertsioak (toldoak, itzalkinak, jaimak, manparak, altzariak, berogailuak…). Enpresa edo aktibitate bakoitza gehienez, % 25 finantzatuko da, 2.000 euroko mugarekin. • Berraktibazio Planaren neurrien sortan jaso da ere terrazen azalera bikoiztea eta ordutegia zabaldu izana mantentzea 2021ean. • Udalaren helburua da Covid-19a dela-eta ezarritako itxialdian ostalaritza alorreko enpresa txikiei eta autonomoei laguntzea, haien biziraupena bermatzea eta enplegua babestea.

Arrasateko Udalak dirulaguntzen lerroaren bigarren deialdia jarri du abian, ostalaritza eta bestelako jarduerek terrazetan egindako inbertsioak laguntzeko. Laguntza hau sartzen da udalaren Berraktibazio Planean, udalak sortua herriko ostalaritza babestu eta indarberritzeko. Lehen deialdia 2020ko azaroan kaleratu zen. Orain, bigarren deialdia onartu du, eta 80.000 euroko inbertsio osoa bideratu. Laguntza lerroa abian jartzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jaso du.

Laguntzak Arrasateko establezimenduei zuzenduta daude, betiere jarduera garatzen den lokalaren kanpoaldean jarritako instalazioak finantzatzeko badira. Hori horrela, laguntzaren onuradunak izango dira Arrasateko ostalaritza eta ostalaritza jardueran zehazki ez daudenak baina lokal kanpoan terraza zerbitzua daukatenak.

Lagunduko ditu 2020ko martxoaren 14tik 2021eko apirilaren 30era arte egindako material erosketak edo inbertsioak (toldoak, itzalkinak, jaimak, manparak, altzariak, berogailuak…). Enpresa edo jarduera bakoitza gehienez, % 25 finantzatuko da, 2.000 euroko mugarekin.

Eskaerak aurkezteko epea 2021eko apirilaren 30ean bukatuko da.

 

Terrazen azalera bikoiztea eta ordutegia zabaltzea mantendu egingo dira 2021ean

Datorren urtera begira, Arrasateko Udalak jarraipena egingo die pandemia garaian ostalaritza sektoreari begira hartutako hainbat neurriri: hala nola terrazak bikoiztea eta ordutegiak zabaltzea mantendu egingo dira.