Otsailaren 15a bitarte hartu daiteke parte Martxoaren 8ko XXVI. Kartel Lehiaketan

2023/01/18
Card image cap
Johanna Sanchez Berdintasun zinegotziak (PSE-EE): “Artea eraldaketarako tresna ere badelako, jendea animatu nahi dugu aurtengo lehiaketan parte hartzera”.

Arrasateko Udaleko Berdintasun sailak Martxoak 8ko XXVI. Kartel Lehiaketa antolatu du. Aurtengo edizioko leloa da: ‘Martxoak 8: elkartu, saretu eta ERALDATU!’. Lanak aurkezteko epea otsailaren 15a izango da, eguaztena, Arrasateko BAZen. 550 euroko saria dago jokoan.

Johanna Sanchez Berdintasun zinegotziak (PSE-EE) nabarmendu du “badira jada urte batzuk, lehiaketa hau martxan jarri genuela eta eskerrak eman nahi dizkiegu orain arte aurreko edizioetan parte hartu dutenei. Hasieratik lehiaketa honen helburua izan da sormenetik eragitea eta Martxoak 8aren inguruko ekimenak iragartzea, eta erabili ohi dugu herritarrak gonbidatzeko bertan parte hartzera. Artea eraldaketarako tresna ere badelako, jendea animatu nahi dugu aurtengo lehiaketan parte hartzera”.

XXVI. edizio honetan, aldarrikatzen jarraitu nahi da, horrela, Martxoak 8a aldarrikapenerako eguna dela; “antolatzen eta saretzen jarraitzeko eta jendartea eraldatzeko ahaleginari ekiteko; lortutako eskubideetan atzera pausorik izan ez dadin, eta jendarte parekidea eraiki dezagun, denon artean, feminismotik. Izan ere, feminismotik emakumeok* mundua mugitzen dugu eta feminismotik lan egiten jarraituko dugu” berretsi du zinegotziak.

Aurkeztutako kartel guztiekin erakusketa bat egin dezake Udalak.

Oinarriak web orrialdean daude eskuragarri. Edozein zalantza argitzeko idatzi emakumetxokoa@arrasate.eus helbide elektronikora edota deitu honako telefono zenbakietara: 943 79 41 39 / 618 206 233 (Emakume Txokoa) eta 943 25 20 00 (BAZ).