Pandemiak eta ingurumenaren zaintzak zer lotura duten aztertzen udalako ingurumen eskolan

2021/03/24
Card image cap
Ikasleak parte hartzen ari dira Udalako Ingurumen Eskolako ekintzetan egoera berriak eskatzen dituen ohiko neurriekin.

Udalako Ingurumen Eskolak dinamizatzen du Eskolako Agenda 2030 proiektua Arrasaten eta, horren harira, herriko ikastetxe guztietan egin zituzten udazkenean saio ibilaldiak, diagnostikoa osatzeko asmoz eta hurrengo gaia ardatz hartuta: “Egoera berritik iraunkortasunerantz”.

Orain txanda heldu da Udalan egun osoko egonaldiak egiteko eta ikasle taldeak bertan jasotzeko. Otsailean hasi eta ekainerarte iraungo duen sasoi honetan, Arrasateko 1.200 ikasle inguru pasatuko dira bertatik, denak lehen hezkuntzakoak.

Aditu eta zientzialari askok azaldu dute gaur egun bizi dugun osasun larrialdiko egoerak lotura estuak dituela ingurumenean eragiten ditugun eraldaketekin eta, batez ere, bioaniztasunaren galerarekin eta klima aldaketarekin. Beraz, aztertuko dugu alderdi horretatik gure herria zer-nola dagoen, bertatik bertara ezagutzeko egur landaketak eta ingurumen eraginak, baso naturalaren ezaugarriak, galzorian dauden fauna espezieak eta abar. Gainera, landuko dugu norberak zer keinu egin dezakeen iraunkortasunerantz joateko eta, baita ere, Arrasateko Udalak zer egin dezakeen.

Horrekin guztiarekin ikasle ordezkariek eroango dituzte udal ordezkariengana ikasturteko ondorioak, proposamenak eta konpromisoak, aldez aurretik ikastetxeen arteko foroetan adostuta.