Plan orokorra hasiera baten onartu du Udal Plenoak

2014/11/05
Card image cap
Orain plan orokorra jende aurrean jarriko da, interesatuek dagozkien alegazioak aurkez ditzaten

Plan orokorra hasiera baten onartu da

2014ko azaroaren 4an egindako bilkuran udal plenoak, aho batez, hasiera batean onartu du hiri antolamenduaren plan orokorra, egun indarrean dagoen planaren berrikuspen prozesuaren barruan. Agiri honek arautuko du, hirigintza ikuspegitik, behin betikoz onartu eta zortzi urteko epean Arrasateko udalerrian eman daitezkeen jarduketa, eraikuntza eta erabilerak.

Plan orokorra jende aurrean jarriko da 2015eko urtarrilaren 27ra arte. Agiria udaletxeko hirigintza sailean dago ikusgai. Horrez gain Arrasateko Udalaren weborrian ere jarriko da (beranduen azaroan 14an) eta Kulturaten erakusketa egingo da datorren urtarrilaren 8tik 22ra.

Hortaz, elkarte eta interesatuek dokumentua aztertu ahal izango dute eta alegazioak egin. Alegazioak BAZ-en aurkeztu beharko dira eta aurkezteko azkeneko eguna 2015eko urtarrilaren 27a izango da.

Aholku kontseiluak ere aztertuko du

Era berean, deialdia egingo zaio udal planeamenduaren aholku kontseiluari berriz ere elkartu eta hasieran onartutako plan orokorra aztertzeko. Kontseilu hau gizarteko hainbat arlo desberdin ordezkatzen dituzten pertsonekin osoturik dago (gazteak, jubilatuak, emakumea, ezinduak, hezkuntza, kultura, enpresa mundua, kirolak, merkatariak…). Talde honek bere garaian plan orokorraren aurrerapen agiria aztertu zuen, eta orain honako agiri hau landuko du.

Aipatu behar da, hasierako onarpen honek dakarrela edozein eratako onarpenak, baimenak eta lizentziak emateko aukera etetea planean xedatutakoaren ondorioz indarreko hirigintza-araubidean aldaketak izan dituzten eremuetarako. Etete horren gehieneko epea 2 urtekoa izango da. Dena den, etete hori bukatuko da plan orokorra behin betikoz onartutakoan.

Plana behin betikoz onartzeko bidea

Hala ere oraindik bidea jarraitu behar da plan orokorra behin betikoz onartu eta indarrean sartzeko. Laburbilduz, pausoak honakoak dira: hasieran onartu eta jendeaurreko epea igaro ondoren, aurkezturiko alegazioei erantzunak prestatuko ditu Udalak, eta behin behinekoz onartuko du plana. Ondoren Euskal Autonomia Erkidegoko Lurraldearen Antolamendurako Batzordeari (COTPV delakoa) eskatuko dio txostena. Txosten hau jaso ondoren, hala badagokio, udal plenoak behin betikoz onartu ahal izango du plan orokorra.