Portaloiko atea birgaitzeko obrak urtarrilaren 12an hasiko dira, eta Alde Zaharreko trafikoan eragina izango du
2026/01/08
Arrasateko Udalak jakinarazi du Portaloiko atea birgaitzeko obrak astelehenean, urtarrilaren 12an, hasiko direla. Lanek bi hilabeteko iraupena izango dute, gutxi gorabehera, eta helburua da elementu horren egonkortasuna, kontserbazioa eta egoera orokorra hobetzea, haren balio historiko eta arkitektonikoa bermatzeko.
Eragina Alde Zaharreko ibilgailuen zirkulazioan
Obren ondorioz, aldaketak izango dira Alde Zaharreko ibilgailuen zirkulazioan. Urtarrilaren 12tik aurrera, eta lanek irauten duten bitartean:
- Portaloitik ezingo da ibilgailurik igaro, eta Maalako Arrabalera ere ezingo da sartu.
- Autoen eta gehienez 3.500 kiloko furgoneta txikien Alde Zaharrerako sarrera Gazteluondo kaletik Ferrerias kalera egingo da.
- Gainerako zirkulazioak orain arteko moduan mantenduko dira.
Udalak herritarrei ulermena eta lankidetza eskertzen dizkie lanek iraun bitartean sor daitezkeen eragozpenengatik, eta gogorarazten du jarduketa honen helburua Arrasateko ondare historikoa behar bezala zaintzea eta segurtasuna bermatzea dela.

Herriko ondarea zaintzeko inbertsioa
Esku-hartzea Arrasateko Hirigune Historikoan kokatutako babes bereziko ondare-elementu batean egingo da, eta ondarearen babeserako indarrean dagoen Gipuzkoako Foru Aldundiaren araudia betez gauzatuko da. Lanek harriaren saneamendua eta garbiketa, aurreko konponketa desegokien kentzea, harri degradatuaren zaharberritzea, junturen konponketa eta babes-tratamenduak barne hartzen dituzte.
Honako lan hauek burutuko dira nagusiki:
- Harriaren saneamendua eta garbiketa
- Eskuzko garbiketak burutuko dira atean dauden hondakinak, mortero zaharrak, oxidoak eta zikinkeria kentzeko.
- Tratamendu biocida: mikroorganismoak, goroldioak, likenak eta algak ezabatzeko.
- Garbiketa mekanikoa: presio baxuko proiekzio bidez, harrian kalterik egin gabe.
- Harlanduen zaharberritzea
- Aurretik egin izan diren konponketa desegokiak kenduko dira.
- Zati degradatuen berreraiketa mortero bereziarekin, jatorrizko testurara egokituta.
- Junta guztiak berriz ireki eta betetzea, harriaren kolore eta akabera zainduta.
- Gainazal hondatuen birrantolaketa puntuala.
- Estaldura mineral mehea aplikatzea, multzoan integratzeko.
- Babes tratamenduak
- Biocida osagarria eta babes hidrofugoa aplikatzea.
- Antipintaden tratamendua gehienez 2,5 m-ra, harriaren itxura errespetatuz.
- Eraikinen arteko loturaren konponketa
- Portailoiaren eta ondoko eraikinaren arteko juntaren birkonponketa.
- Ur-jario egokia bermatzea eta, beharrezkoa bada, zinkezko babes osagarria jartzea.