Arrasateko Udalak radar pedagogikoak jarri ditu herriko hiru lekutan

2021/07/13
Card image cap
Hain zuzen, radarrak jarri dira MECA eta DIA inguruan, Alfonso VIII pasealekuan eta Musakola auzoan.

Oinezkoak lehentasuna duten herri atsegin eta seguruago bat eraikitzeko bidean, Arrasateko Udalak radar pedagogikoak jarri ditu herriko hainbat lekutan.

Guztira 3 radar jarri ditu, hain zuzen MECA eta DIA inguruan, Alfonso VIII pasealekuan eta Musakola auzoan (MRW parean). Instalazio lanak 7.169,25 euroko aurrekontua izan dute (BEZa barne).

Radarren helburua da herrian zehar ibilgailuen abiadura gutxitzea eta abiadura mugen inguruko errespetua eta kontzientzia zabaltzea, gidariek arau eta muga horiek errespetatu ditzaten, guztien artean Arrasate seguruago bat eraikitzeko. Horri jarraituz, radarrak ez dira erabiliko isunak jartzeko.

“Radarrei eman diegun izendapenak ondo adierazten duen bezala, horien funtzioa da pedagogikoa, hau da, herritarrei, kasu honetan gidariei, herri barruko errepideetan ohitura eta jokabide eredu zuzen batzuk erakustea, legeak agindutako abiadura mugak errespetatu daitezen eta Arrasate oinezkoentzat seguruagoa izan dadin”, azaldu du Maria Ubarretxena alkateak. “Radarrek, gainera, eguzki panelen bitartez funtzionatuko dute, hau da, energia berriztagarria erabiliko dute, modu horretara, energia eraginkortasunaren alde egiteko eta udalerri jasangarri bat eraikitzen jarraitzeko”, esan du amaitzeko.