Aurten radarraren 2020ko gerakina (50.000 euro) Covid-19ari aurre egiteko erabiliko da.

2021/01/19
Card image cap
% 113 egin du gora kopuruak: Nafarroa eta Arrasate etorbideetan izan da arau-hauste gehien, 807 eta 263, hurrenez hurren; Uribarri etorbidean 152 arau-hauste izan dira, eta Garibaien bat bera ere ez.

Isun kopuruak % 113 egin du gora 2020an, radar bidez gehiegizko abiaduragatik jarritakoak, 2019ko datuekin alderatuta. Guztira 1.222 arau-hauste eman ziren 2020an Arrasaten radarra jarritako lau guneetan: Garibai kalean, Uribarri etorbidean, Nafarroa etorbidean eta Arrasate pasealekuan. Nafarroa eta Arrasate etorbideetan izan da arau-hauste gehien, 807 eta 263, hurrenez hurren; Uribarri etorbidean 152 izan dira, eta Garibaien bat bera ere ez. 2019ko datuekin alderatuta, igoera da nabarmena, izan ere, orduan 573 arau-hauste zenbatu ziren; 1.447 arau-hauste radarra jarri zen lehen urtean (2018).

Arrasateko Udalak 2018 urtean abiatu zuen radarren egitasmoa, eta helburua zen herri barruko bide segurtasuna hobetzea, kontzientzia indartu guran abiadura mugak errespetatzeko. Gainera, ekimenaren helburua ez zenez diru bilketa egitea, behin radarrek sortutako gastuak estalita, diru kopuru hori bideratu ohi da egitasmo batera, herritarren ongizatea bermatzeko: 2018an batutako diru kopurua (25.000 euro) Gurutze Gorriaren eta DYAren artean banatu zen, 12.500 euro bakoitzarentzat, hurrenez hurren.

Iaz, 2019an, ez zen soberakinik izan, ekimena defizitarioa izan baitzen, eta udalak 7.380 euroko defizita ordaindu behar izan zuen.

Hala ere, 2020ko ekitaldian 50.000 euroko gerakina egon da radarraren funtzionamendu kostua (74.680 euro) estalita. Udalak gerakin hori erabiliko du Covid-19ari aurre egiteko neurriak finantzatzeko.

Arrasateko Udalak nabarmendu du radarrak jarri izanak ekarri duela herri barruan autoak mantsoago ibiltzea eta abiadura mugak errespetatzea, eta horien ondorioz, aurrerapausoa handia ematea oinezkoen zein gidarien bide segurtasunean.

Nahiz eta abiadura mugen errespetuan hobetu, 2020an 139 istripu izan dira Arrasaten: 17 biktimadunak. Gidarien artean ez da hildakorik izan eta gehienak zauritu arinak izan dira (54). Oinezkoen harrapaketen kasuan, guztira 9 izan dira, eta horietatik 3 larriak.

Udaltzainek 3.991 esku-hartze egin dituzte 2020an

Arrasateko Udaltzaingoaren lantaldeak, 2020an, guztira 6.207 interbentzio egin ditu, koronabirusarekin lotutakoak 2.216.

Covid-19tik kanpo egindako 3.991 esku-hartzeetatik 218 salaketa jaso dira. Gehienak ondare ebazpenak edo ebazpen sozioekonomikoak izan dira (190): 65 lapurreta, 10 eraso edo alkohola eta drogak kontsumitzen joateagatik gidatzea 10. Aipatzekoa da lapurretak nabarmen jaitsi direla 2020an.

Esku-hartzeei dagokienez, 1.811 arlo administratiboari loturikoak izan dira, hala nola animaliei, zaratei, alarmei, dokumentu galerei edo erorketei dagozkienak. Beste 605 segurtasun arlokoak izan dira eta kasu honetan liskarrak, matxurak edo kalte materialak nagusitu dira. Trafikoan, aldiz, guztira 553 esku-hartze egin ditu udaltzaingoak: batez ere nabarmendu behar dira trafiko laguntza (262) eta garabiaren joan-etorriak (47).

Horiez gain, bestelako esku-hartzeak ere egin ditu, hala nola epaitegiko eginbeharrak, herritarraren laguntzari dagozkionak, piboteen kudeaketa, informazioa ematea eta kexak, edo Ertzaintzarekin elkarlanean egindakoak, azken horiek (107).

Pandemia

Martxoaz geroztik, Udaltzaingoak 2.216 ekintza egin ditu Covid-19 pandemiaren esparruan. Gehienak mugikortasun eta edukiera kontrolak izan dira (1.116), eta horiek egin dira ospitalean, espazio publikoetan, merkataritza guneetan eta trafiko eremuetan. Herritarren Segurtasunari buruzko Legea ez betetzeagatik 447 zehapen proposamen aurkeztu dira (musukorik ez eroatea, etxeratze agindua ez betetzea eta abar), eta 2019an 15 zehapen jarri ziren Herritarren Segurtasunari buruzko Legearen esparruan.

Covid-19a dela-eta herritarren zalantzak argitu dituzte (207), kexak tramitatu (289) eta pandemiarekin lotutako lanak egin (437).