Radarren esleipen berrirako pleguak onartu ditu Udalak, “azken urteetako arazoak konpontzeko”
2025/05/12
Udal titulartasuneko bideetan ibilgailu motordunen abiadura neurtzeko zinemometro homologatu bat aldi baterako instalatzeko pleguak onartu ditu gaur Udaleko Hirigintza Batzordeak. Ondorioz, radarrak berriz martxan jartzeko prozedura abiaraziko du Udalak modu honetan, azken urteetako gorabeheren ondoren.
“Azken urteetan radarraren kudeaketa zuen enpresak emandako zerbitzua oso ezegonkorra izan da. 2022ko azaroan eten zen kontratua (EAJ-PSE gobernuan zeudela) ete funtzionatzeari utzi zioten; 2023ko udan, gaur egungo gobernuarekin, berraktibatu zen zerbitzua. Ikusita zerbitzua ez zela behar bezala funtzionatzen ari, esleitutako enpresari kontratua eten zitzaion duela gutxi, 2024ko abenduan. Ordurako, hasita geunden plegu berrien erredakzio lanekin, eta gaur Hirigintza Batzordean onartu duguna da horren fruitua” azaldu du Maider Morras alkateak.
Helburua da, beraz, radar makinek herri barruko abiadura mugak errespetatzen laguntzea, oinezkoen eta bizikletan segurtasuna bermatuz. Horretarako, makina berriek abiadura muga gainditzeko kasuak fidagarritasun osoz identifikatu beharko dute eta modu zehatz eta seguruan dokumentatu.
Kokapen berriekin eta erabaki teknikoen arabera
Gaur gaurkoz Arrasaten lau radar kabina daude herri barruko kaleetan kokatuta: Gipuzkoa etorbidean bat, Arrasate pasealekuan beste bat eta Nafarroa etorbidean bi. “Aurreikuspenak dira datozen hilabeteetan bosgarren bat jartzea Zerrajera kalean, auzotarrek azken urteetan eskatu izan duten bezala” azaldu dute Udaletik.
Horrez gain, pleguek jasotzen dutenaren arabera, zinemometroaren kokapena “Udaltzaingoaren buruzagitzak zehaztuko du une guztietan”. Modu horretan, “irizpide teknikoak gailenduko dira abiadura arazoak konpontzeko” azaldu dute.
Matxuren aurrean, berme eskaera
Pleguek jasotzen duten azken puntuetako bat da ekipamendua konpontzeko eta ordezkatzeko epeena. Zentzu honetan, matxura kasuetan, kontratuaren arabera 72 orduko epea izango du enpresak makinak konpontzeko; eta, matxura konpondu ezin bada, ekipoa ordeztu beharko du 7 egun naturaletan.