San Andres auzoko Gaztetxokoa eraberritzeko obrak hasi ditu Udalak
2026/02/03
Arrasateko Udalak gaur abiatuko ditu San Andres auzoko gaztetxokoa eraberritzeko obrak, Kurtzetxiki plazako 2. zenbakian kokatuta dagoen lokalean. Jarduketa honen helburua da espazioa egokitzea eta bertan garatzen den jarduera behar bezala legeztatzea, segurtasun, irisgarritasun eta erosotasun baldintzak hobetuz.
Hauek gauzatzeko, Udalak 176.159,68 euroko aurrekontua bideratuko du, BEZa barne. Lanak 23 asteko epean burutzea aurreikusten da, eta obrak Zamakoa SA enpresak egingo ditu.

Egungo beharretara egokitutako espazio seguruagoa, irisgarriagoa eta erosoagoa
Egokitzapen lanen barruan, lokalaren barne-distribuzioa aldatuko da, eta akaberak zein instalazioak erabat berrituko dira. Halaber, kanpoko arotzeriak ordeztuko dira, lokalaren ezaugarri termikoak eta akustikoak nabarmen hobetzeko.
Irisgarritasunari dagokionez, sarreran eta egungo komunetan dauden koskak kenduko dira, eta erabilera publikoko gela guztietan irisgarritasuna bermatuko da. Gainera, lokalaren perimetro osoan trasdosatua egingo da, dagokion isolamendu termikoarekin, eta sabai akustiko aizuna jarriko da jardueraren erosotasun-baldintzak hobetzeko.
Udalak adierazi du obra hauekin San Andres auzoko gaztetxokoa egungo beharretara egokitutako espazio seguruagoa, irisgarriagoa eta erosoagoa bihurtzea dela helburua, auzoko nerabeentzako topagune gisa duen funtzioa indartuz.

Behin behineko Gaztetxokoa Etxaluzen
Obrak iraun bitartean, San Andreseko Gaztetxokoaren jarduna ez da etengo, eta nerabeek Etxaluzen izango dute behin behineko espazio hezitzailea. Ohiko ordutegiekin, eta ohikoak diren ekintza eta hezitzaileekin arituko dira. Behin behineko Gaztetxokoa Etxaluzeko 2. solairuan kokatuta egongo da, Solozar gelan.
Agintaldi honetan berritzen den bigarren Gaztetxokoa
San Andresenarekin batera, bi Gaztetxoko berritzen ari dira dagoeneko, Musakolan bestea. Musakolako Gaztetxoko berria kokatuko den lokala erosi ostean, eraberritze obrak pasa den urtean hasi ziren, eta dagoeneko amaitu dira, azken erremateen zain. “Agintaldi honetan 2 dira erabat eraberritu diren Gaztetxokoak: Musakolako eta San Andresekoa. Biak ala biek nerabeen zein hezitzaileen beharretara egokitzeko lanak izan dira, aisialdi eta heziketa zerbitzu hobeago bat eskaintzeko asmoz” azaldu du Gladys Fernandez Urizarrek, Belaunaldiartekotasun zinegotziak.
