San Andreseko mural bertikala amaitu dute: 60ko hamarkadako emakume migratzaileei omenaldia

2026/06/12
Card image cap
Ezberdinen arteko elkarlanari esker gauzatu da proiektua: San Andreseko jai batzordea, Arrasateko Udala eta Mutiko Kristal artista.

San Andres auzoko Doctor Bañez kaleko eraikin batean kokatutako mural bertikal handia amaitu dute. Lanaren emaitza aurkezteko, agerraldia egin dute proiektuan parte hartu duten hiru aldeek: San Andreseko jai batzordeak, Arrasateko Udalak eta Mutiko Kristal artistak.

Proiektu hau lankidetza estu baten fruitua izan da:

  • San Andreseko jai batzordea: Murala egiteko eskaera auzoko jai batzordetik sortu zen, auzoari bizitasuna eta esanahia emateko asmoz.
  • Arrasateko Udala: Udalak finantziazioa bermatu eta muralaren gai nagusia proposatu zuen: 60ko hamarkadan Arrasatera iritsitako emakume migratuei omenaldia
  • Mutiko Kristal: Graffiti egileak diseinuaren proposamena egin eta murala gauzatzeko lan ikaragarria burutu du, maiatzaren 18an hasi zenetik.

Emakume migratuen sustraiak eta aniztasuna

Muralak San Andres auzoko jatorria omentzen du, zehazki, 60ko hamarkadan bizi baldintza hobeagoen bila eta industria gorakadaren garaian Euskal Herrira etorri ziren pertsonak. Maider Morras alkateak azaldu duenez, "lana bilatu eta bizi baldintza hobeagoak bilatzera etorri ziren emakume migranteei egiten zaie omenaldia", haiek baitira gaur egungo Arrasate elkarrekin eraiki dutenak.

Elkarlanean burututako proiektua

Maider Morras alkateak eskerrak eman dizkie proiektuan parte hartu duten guztiei egindako lan itzelagatik. Bere hitzetan, mural hau elkarlanaren balioaren adierazle bikaina da, auzotarren, jai batzordearen, artistaren eta erakunde publikoen arteko elkarlanerako prestutasuna erakusten baitu.

Alkateak berretsi duenez, migrazioek dakarten elkarbizitza erdigunean jarri nahi izan dute: “60ko hamarkadan etorri ziren horiek hemen errotu ziren... eta gaur gaurkoz, inor gutxik jartzen du zalantzan aniztasun horren balio garrantzitsua”.

Plaka bat jarriko da

Lana borobiltzeko, datozen egunetan plaka bat jarriko da hormaren ondoan. Plaka horrek modu argian adieraziko du murala 60ko hamarkadako emakume migratuen omenez egina dagoela, haien oroimena eta auzoari egindako ekarpena betiko gorde daitezen.