San Frantzisko eliza arrasatear guztiona da dagoeneko

2026/03/27
Card image cap
Arrasateko Udalak San Frantzisko elizaren erosketa gauzatu du gaur, notaritzan. Espazio berria Kulturateren parte izatera pasako da etorkizunean, kultur ekintzak jasoz. Gaur gaurkoz, baina, jarduera baimena tramitatu beharra dago, eta hilabeteak eramango du hori gauzatzea. Kulturara bideratzeaz gain, Udalaren asmoa da hileta zibilak ere bertan egin ahal izatea. Erosketarekin batera, desakralizazioaren agiria jaso du Udalak frantziskanoen eskutik

Arrasateko Udalak San Frantzisko eliza erosteko prozesua borobildu du Frantziskotarrekin, martxoaren 27an notaritzan egindako sinadurarekin. Guztira 1.585 m2-ko erosketa egin du Udalak 371.000 eurotan. Salerosketa honen bidez, elizaren 1.225 m2-ko azaleraz gain, eliza atzean dauden 360 m2-ko hainbat etxebizitza eta lokal ere jabetza publiko izatera igaro dira.

“Jauzi handi bat ematen dugu erosketa honekin. Jabetza pribatu bat arrasatearron esku jartzen dugu, erlijioari lotutako espazioa modu laiko batean erabiltzeko aukera eskainiz”, azaldu du Maider Morras alkateak. Sinadura honekin, San Frantzisko eliza jabetza publikoa duen eraikina bihurtu da ofizialki.

Kulturateren parte eta hileta zibilen gune 

Behin jabetza eskuratuta, hurrengo urratsa espazio hau Kulturateren egunerokoan txertatzea izango da. Udalaren asmoa da elizak jarduera kulturala izatea eta, era berean, hileta zibilak bertan egin ahal izatea. Gaur gaurkoz, Arrasatek ez du hileta zibilak leku itxi batean egiteko espazio duinik, eta gobernuarentzat hau “aukera ezin hobea” da.

Hala ere, kultur ekintzak eta hileta zibilak jaso baino lehen, hainbat egokitzapen lan egin beharko dira: teknikoki egokitu eta kutsu erlijiotsua duten sinboloak (erretaula, adibidez) babestu edo estali. Lan hauek 2026 eta 2027 urteetan zehar egitea aurreikusten du Udalak.

“Hilabeteak beharko dira eraikina jarduera berrira egokitzea, beraz, itxaron egin beharko dugu espazioa kulturgune osoa izateko. Gaurtik aurrera lanean jarriko gara hori errealitate bilakatzeko, eta gogoz eta gogor egingu dugu lan emaitza ahal bezain laster ikusteko” azaldu du alkateak. 

WhatsApp Image 2026-03-18 at 10.06.32.jpeg

Desakralizatuta dagoeneko

Erosketarekin batera, desakralizazioaren agiria jaso du Udalak frantziskanoen eskutik. “Oraindik, baina, elizako elementuak bertan daude, eta hauen babes maila aztertu eta kudeatu beharko da, gaian adituak diren teknikariekin” azaldu dute.  

Ondare babestua 

XVII. mendean eraikitako San Frantzisko eliza babestutako ondare historikoa denez, edozein esku-hartzek baldintza zorrotzak bete beharko ditu. Komentua 2007an bihurtu zen publiko (Kulturate sortuz), eta elizaren erosketa honekin, eraikin multzo osoa udal-jabetzakoa da orain.

Gogoratu behar da San Frantzisko eliza Juan de Araoz Uriarteren diru-ekarpenari esker eraiki zela XVII. mendean, eta 1954tik Frantziskotarrek zuzendutako jarduera erlijiosoari eutsi diola gaur arte. Orain, espazio hori herritar guztien erabilera publikorako berreskuratu du Arrasateko Udalak.


WhatsApp Image 2026-03-18 at 10.06.32 (1).jpeg