San Juan jaien balorazio positiboa egin du Udalak: “herritarren parte hartzea pozgarria eta ezinbestekoa izan da jai ederrak izateko”

2025/06/27
Card image cap
“Ezberdinen arteko elkarlanari esker izan dira posible San Juan jaiak. Kultur eragile, herritar eta udal langileei gure eskerrik beroenak”.

San Juan jaien lehen balorazioa egin du Arrasateko Udalak: “Behin-behineko lehen balorazio oso positiboa egiten dugu Udal Gobernutik. Arrasatearrak kalera atera dira jai giroaz gozatzera, jaiak aste tartez izanda ere, eta pozgarria izan da herriko kaleak bizitasun eta alaitasunez gainezka ikustea”.

Jaien funtzio soziala ere azpimarratu du Udalak: “Sanjuanak badira jaia egiteko egunak baino askoz gehiago. Ikasturte osoko lanari ziklo itxiera emateko balio du, eta uda garaiari atea zabaltzeko. Baita arrasatear bezala ingurukoekin harremandu, elkar ezagutu eta elkarren artean gozatzeko, herri bezala garen komunitatea indartuz”.

Elkarlanaren balioa

Udalak azpimarratu duenez, “jaiak ezinezkoak lirateke hainbat eta hainbat eragileren inplikazio, parte hartze eta konpromisorik gabe, eta garrantzitsua da hau azpimarratu eta balorean jartzea. Udalaren izenean mila mila esker jaiak aurrera eramateko lanean aritu diren pertsona eta eragileei. Eta nola ez, ezin ahaztu ere etengabe lanean aritu diren udal langileak”.

Adin eta publiko guztietarako programazioa

90 ekintzetatik gora zeuden programatuak, adin eta publiko guztientzako. Ekintza guztiak jendetsuak izan dira eta herritarrek aktiboki parte hartu dute horietan. Azpimarratzekoen artean aipatu dituzte: kantu afaria, Txosnaguneko zein Monterroneko kontzertuak, Errementari dantza, Gazte Olinpiadak, Zuk Iñ Zuk Jan bazkari popularra, puzgarriak edota haurrentzako programazioa. “Aipamen berezia egin nahi diogu ere Arrasateko Erraldoi eta Kilikien konpartsaren 40. urteurrena ospatzeko burutu zen erraldoi eta kilikien topaketari. Euskal Herriko hainbat txokotatik etorri ziren konpartsa ezberdinak eta ehunka haur, gazte zein nagusi bildu zituen ekimenak. Zorionak konpartsari 40. urteurrenagatik!”

Laburbilduz, arrasatear guztiek “askotariko ekintzez gozatzeko aukera” izana azpimarratu dute, “bakoitzak bere leku eta sinesmenetatik, jaiak bere egiteko aukerarekin, eta hori, oso pozgarria izan da”. Aurten eguraldi eguzkitsuak asko lagundu duela nabarmendu dute, eta, parte hartze handia izateaz gain, orokorrean, ekitaldi guztiak burutu dira aurreikusi bezala.

Ez da protokolo feministarik aktibatu

San Juan jai hauetan ere indarkeria matxistari aurre egiteko baliabideak jarri ditu Emakume Txokoak. “Arretarako telefonoan eta espazioa ez da inor artatu behar izan, eta, ondorioz, ez da protokolo feministarik aktibatu. Informazio gunean kontsulta ezberdinak izan dira herritarren aldetik. Zentzu honetan, balorazio positiboa egin badaiteke ere, oraindik asko dago egiteke, eta horietan lanean jarraitu beharra dago”.