San Juan jaietako aipagarriena arrasatearren partaidetza itzela

2016/06/30
Jai batzordeari eta herriko eragile eta kultur taldeei eskerrak ematen diegu egindako lanagatik, beren jarduna ezinbestekoa delako jaiak ospatzeko

Jaien ostean, udalak aurtengo egitarauari, parte-hartzeari eta jaien igarotzeari buruzko balorazio egin du.  Gauzak horrela, udalak balorazio positiboa egin du eta bereziki, herritarren parte-hartzea aktiboa nabarmendu du.

2016ko jai-egitarauan jasotako emanaldi eta ekintzek harrera ona izan dute arrasatearren artean. Herritarren parte hartzea altua izan da kontzertu, kirol eta dantza ekitaldi eta herri bazkari eta afariei dagokienean. San Joan jaiak badute bereizgarri bat: herritarren partaidetza. Antolatzen diren topaketa eta emanaldietan herritar kopuru altuak parte hartzeaz gain, ezinbestekoa izaten da herriko kultur eta kirol taldeen partaidetza eta lana. Besteak beste, herriko dantza taldeek, Goiko Balu abesbatzak, Arrasate Musikal bandak, buru haundiak… urte osoan zehar egindako lana erakusten diete herritarrei beren emanaldien bitartez, San Joan jaiei ekarpen garrantzitsua eginez eta jaiei zentzu berezia emanez.

Azkenik, aipatu talde eta eragileen lana eskertzeaz gain, jai batzordeari ere eskerrak eman nahi izan dizkiote udaletik, guztien lanari esker ospatzen baitira urtero San Joan jaiak.