San Juan jaietan, indarkeria matxistarik ez!

2019/06/19
Card image cap
Ekainaren 22tik 26ra arte 24 orduko arreta telefono zerbitzua egongo da

Jadanik ate joka ditugu Arrasateko San Juan Jaiak. Aurten, Arrasateko Mugimendu Feminista, Berdintasun Saila eta Kultura Sailaren elkarlanari esker, jaietan eman daitezkeen indarkeria matxistei aurre egiteko baliabide berriak eskura izango dituzte arrasatearrek, bide honetan urrats bat gehiago emanez.
Aurten, ekainaren 22tik 26ra arte 24 orduko arreta telefono zerbitzua egongo da. Bertan, jaietan gertatzen den edozein eraso sexistaren aurrean, informazioa, aholkularitza eta aurrez aurreko arreta eta laguntza eskainiko da. Telefono zenbakia 688 809 137 izango da eta hainbat lekuetan egongo da ikusgarri.
Bestetik, ekainaren 22, 23an eta 25ean indarkeria sexistarik gabeko gunea kokatuko da Arbolapetan egongo den karpa batean, arratsaldeko 20:00etatik goizaldeko 06:00ak arte. Bertan, indarkeria sexistan eta autodefentsa feministan adituak diren emakumeak egongo dira, gerturatu nahi duten emakume eta neskak artatzen. Gune honek indarkeria sexistarekiko dituzten bizipen, iritzi eta interesak jasoko ditu. Horretaz gain, elkartasun eta babes espazioa izatea du helburu.