San Juanetako ekitaldiak udaletxeko balkoitik ikusteko zozketan izena emateko epea zabalik ekainaren 15era arte

2022/06/14
Interesdunek aurrez izena eman beharko dute webgunean edo BAZen.

Dagoeneko ate joka ditugu San Juan festak, eta, ildo horretan, urtero legez, udalak aukera emango die herritarrei jaietako ekitaldiak udaletxeko balkoitik ikusteko.

Bosgarren urtea da arrasatearrentzat udaletxeko balkoitik jaietako ekintza esanguratsuenak eta kutunenak ikusi ahal izateko.

Ohikoa den bezala, hiru ekintza ikusi ahal izango dira balkoitik: ekainaren 18an haurren danborrada, eta ekainaren 23an Errementari dantza eta nagusien danborrada. Horretarako, jakina, interesdunek aurrez izena eman beharko dute webgunean edo BAZen, ekainaren 15a baino lehen. Parte hartzeko oinarrizko baldintzak dira: 16 urtetik gora izatea eta Arrasaten erroldatuta egotea. 16 urtetik beherako haurrek nagusi batek lagunduta joan beharko dute.

8 eta 10 tokiko zozketak egingo dira ekintza bakoitzeko:

  • Haurren danborrada ikusteko: 10 tokiko bi (20 lagun)
  • Errementari dantza ikusteko: 8 tokiko bi (16 lagun)
  • Nagusien danborrada ikusteko: 8 tokiko bi (16 lagun)

Eskaera asko egon ohi denez, izena emateko epea amaituta, ekainaren 16an, zozketa egingo da izena ematen duten guztien artean, aipatu tokiak betetzeko. Aukeratuek ezingo dute parte hartu ekintza batean baino gehiagotan; horregatik, izena emateko orduan, herritarrek interes ordenaren arabera zehaztu beharko dute balkoitik zer ekintza ikusi gura duten.

Aurten, Errementari dantza, ETB1etik eskainiko da zuzenean.