Santa Barbarak ur parke berria izango du

Aipatu egitasmoa Haurren Kontseiluak Santa Barbara parkea eraldatzeko aurkeztutako proiektuan dago oinarrituta; helburua da haurrei naturari loturiko aisialdi espazio eta aukera berri bat eskaintzea

Arrasateko Haur Kontseiluaren lanak dagoeneko eman ditu bere lehen fruituak. Izan ere, maiatzean egindako saioan kontseilu kideei agindu bezala, Arrasateko Udalak dagoeneko ekin die Santa Barbaran ur parkea eraikitzeko lanei.

Haurren Kontseilua 2017ko urtarrilean hasi zen lanean eta azken bi urteotan, beste hainbat gaien artean, Santa Barbara parkea biziberritu eta eraldatzeko proiektua izan dute lan ardatz nagusi, parkea naturari loturiko aisialdi gune bilakatzeko helburuarekin.

Ildo horretan, hainbat egitasmo eta proiektu aurkeztu dizkiete udal ordezkariei, horietako bat, hain zuzen, ur parkearena. Eta emandako hitza beteaz, udal gobernuak, umeen ikuspegia etorkizuneko Arrasateren eraikuntzan txertatu eta umeen inplikazioa areagotze aldera, ur parkearen egitasmoa errealitate bilakatzeko bideari ekin dio.

Horri esker, Santa Barbarak ur parke berria izango du epe ertainean. Izan ere, udal ordezkariek adierazi dute eraikitze lanek gehienez 6 hilabete iraungo dutela; horrenbestez, ur parkea prest egongo da martxorako, “baita agian, lehenago ere”, azaldu dute Udaletik.

Bide mozketak

Lanek irauten duten bitartean, ordea, hainbat bide mozketa egin beharko dira. Horien artean, esaterako, erreka alboan dagoen ibilbidearen zati bat, ur parkearen kokalekua izango den zatia, alegia, itxita egongo da eta oinezkoek egurrezko pasabidetik gurutzatu ahal izango dute ibaia. Horrez gain, Santa Barbarako goikaldetik datorren oinezkoen bidea ere itxi egingo da.

Lanak burutzeko beharrezko materiala, halaber, Arrasate pasealekutik parkeruntz doan bidetik garraiatuko da, ondorioz, momentu puntualetan, oinezkoek eta langileek bidea partekatu beharko dute. Edozein kasutan, dagokion segurtasun neurriak hartuko dira (itxiturak, seinaleztapen berezia…). Ildo horretan, oinezkoek lanen eremua gurutzatu beharko balute, Udalak ordezko bideak erabiltzea gomendatzen du, hala nola, Munar auzotik barrena edo Santa Barbaratik (mendixkaren gainaldetik) doazen bideak.