Santa Teresa-Agerreko igogailuak eraikitzeko lanak apirilean hasiko dira 2,2 milioi euroko inbertsioarekin

2022/02/17
Udalak aurkeztutako hiru aukeren artean, herritarrek aukeratu zuten Elkano, Galizia eta Santa Teresa kaleetako 3 igogailu eta 4 pasabide hartzen dituen proiektua

Argi berdea eman zaio Santa Teresa-Agerre mugikortasun bertikaleko proiektuari. Lanak apirilean hasiko dira. Udalak lehiaketa publiko bidez adjudikatu berri dio obra Altuna y Uria SA enpresari, 2.214.602,74 euroan, BEZa barne. Guztira 5 enpresa aurkeztu dira lehiaketara. Obra zuzendaritza 62.667,11 euroan (BEZa barne) adjudikatu zaio Asmatu SL ingeniaritzari. Udalak 2022an egingo duen inbertsiorik garrantzitsuena da.

Auzoaren mugikortasun bertikaleko proiektuaren definizioa egin da partaidetza moduan bizilagunekin. Partaidetza prozesu batean udalak aurkeztutako hiru aukeren artean, auzotarrek egin zuten Elkano, Galizia eta Santa Teresa kaleetako 3 igogailu eta 4 pasabide hartzen dituen proiektuaren alde.

Proiektuak igogailuen irudi bateratua proposatzen du, hiri mugarri horien artean harreman bisuala ezarri ahal izateko, eta oinezkoentzako ibilbideetan lortu nahi diren konexioak sorraraztea.

Udaletik adierazi dutenez, “lanean ari gara herri atseginagoa, erosoagoa eta irisgarriagoa eskaintzeko. Ekobulebarraren birmoldaketa guztia, Erguingo igogailuak, ibilgailu motordunen abiadura mugatzea, TAO sistema, eta orain Santa Marinako igogailuak. Herritarrekin batera landutako proiektu horiek guztiek erantzuten diote udal gobernuaren ildo estrategiko nagusietako bati: Arrasate oinezkoentzat udalerri atseginagoa, seguruagoa eta irisgarriagoa bihurtzea, eta, era berean, berdeagoa ere bai; izan ere, igogailuen erabilerak eta horiek mugikortasunerako eskaintzen duten erraztasunak autoaren erabilera murriztuko dute, eta, horren ondorioz, berotegi gasen isurketa minimizatuko dugu”.