Santa Teresa-Agarreko irisgarritasuna bermatzeko eta auzotarren iritzia jasotzeko, 3 aukera aurkeztu dira

2021/05/26
Card image cap
Udalak partaidetza prozesu bat jarriko du abian eguazten honetatik aurrera, maiatzaren 26tik, 3 alternatibarekin auzoko irisgarritasuna bermatzeko. Ikusgai izango dira Tokiargin eta udalaren webgunean ekainaren 17ra arte.

Arrasateko Udalak jarraitzen du Arrasate herria udalerri irisgarri eta jasangarri bihurtzen. Mugikortasun bertikaleko proiektua, Erguin auzoan 4 igogailuz osatua, amaitzear dagoela, hurrengo proiektua Santa Teresa-Agarren gauzatuko da. Udala proiektu tekniko bat prestatzen ari da mugikortasun bertikaleko sistema publiko bat ezartzeko. Kokalekuak, fluxuak eta proposamenen irismena aztertuta, igogailuak jartzea Santa Marina auzoko bizilagunekin batera aztertu eta definitu gura du.

Horretarako, partaidetza prozesu bat jarriko du abian eguaztenetik aurrera, maiatzaren 26tik, eta 3 aukera eskainiko ditu igogailuak jartzeko, auzotarren iritzia jasotzeko:

  • 1. aukera: 2 igogailu (Galizia eta Santa Teresa kaleak) eta 4 pasabide.
  • 2. aukera: 3 igogailu (Gernika, Galizia eta Santa Teresa kaleak) eta 4 pasabide.
  • 3. aukera: 3 igogailu (Elkano, Galizia eta Santa Teresa kaleak) eta 4 pasabide.

 

Proposamenak igogailuen irudi bateratua hartzen du, hiri mugarri horien artean ikusizko harremanak ezarri ahal izateko, eta oinezkoentzako ibilbideetan egin gura diren loturak sortu.

Igogailuen kokalekuetako posizioak noranzko argia du: ezponden oinetan daude, eta, beraz, sarbidearen aurrealdea behe kotetatik igogailuaren fatxada begiratoki bihurtzen da; lehorreratzeetan (goiko kotak), berriz, ikusmira mugatua dute.

Hiru aukerak ikusgai izango dira Tokiargin eta udal webgunean ekainaren 17ra arte. Halaber, Tokiargin, auzoko bizilagunek aukera izango dute iritzia emateko, horretarako jarriko den hautestontzian.

Herritarren iritzia jaso eta gero, udalak 2021eko bigarren seihilekoan idatziko du proiektua. Aurreikusten da lanak 2022an hastea.

Maria Ubarretxena alkateak adierazi duenez, "Lanean ari gara udalerri atseginagoa, erosoagoa eta irisgarriagoa eskaintzeko. Horren erakusle dira ekobulebarraren birmoldaketa osoa, Erguineko igogailuak, motordun ibilgailuen abiadura mugatzea, TAO sistema berria eta orain Santa Marinako igogailuak. Herritarrekin batera landutako proiektu horiek guztiak udal gobernuaren ildo estrategiko nagusietako batean biltzen dira: Arrasate herria bihurtzea oinezkoentzako udalerri atseginago, seguruago eta irisgarriago; era berean, berdeago ere bai, jasangarriago, igogailuak erabiltzeak eta mugitzeko erraztasunak autoaren erabilera murriztuko baitu, eta, horren ondorioz, berotegi gasen emisioa gutxituko dugu".

5.1 001 5.2 001 5.3 001