Sei kontzertu, antzerkia, dantza eta zirkoa ekarriko ditu Arrasatera Udazabal ekimenak uztailaren 3tik 30era

2020/07/01
11 kultura emanaldi egongo dira uztailaren 3tik 30era Arrasaten, Udazabal programaren eskutik: sei kontzertu, zirkoa, dantza, antzerkia etab.

Arrasateko Udalak aurten ere Udazabal programa aurkeztu du, aurreko urteetako ekimenari jarraipena emanez, udako kultur eskaintza herriaren erdigunetik auzoetara bideratzeko eta bertako artistak babesteko. 11 kultura emanaldi eskainiko dira guztira uztailaren 3tik 30era Arrasateko zortzi gunetan: Jokin Zaitegin, Zaldibaren, Sebero Altuben, Aldain, Monterron, Cordoba y Oro-n, Santa Teresan eta Usaetxen.

Sei kontzertu eta bost arte eszenikoen emanaldi eskainiko dira aurten, guztiak kalean. Eguraldi txarra eginez gero, musika saioak Amaia antzokian egingo dira. Euskal sortzaileak dira nagusi, bertako artistak balioan jartzeko asmoarekin:  Xabi Solano, Keu Agirretxea, La Furia, Gari, Swintronics, Euskdivarius,  Tio Teronen semeak, Hutsun + Ortzi, Osa-Mujika eta Lasala dantza konpainiak Trapu Zaharra eta Markeliñe antzerki taldeak. Sei kontzertutatik bostek  herriko edo inguruko taldeak izango dituzte lagun, hala nola, Leire Etxezarreta, Idoia Asurmendi, Nhil  Serge edo Dupla. Kontzertuetako bat, uztailaren 25ekoa, Beethovenen 250. Urteurrena ospatzeko emanaldia izango da.

Emanaldien guneetan eremu bat finkatuko da aulkiak jartzeko eta edukiera sarrera bidez  kontrolatzeko. 250 aulki egongo dira gehienez, bata bestearengandik 1,5 metrora. Eremuak sarrera bakarra izango du eta bertan eskuak garbitzeko gela izango da. Gainera, guztion segurtasuna bermatzeko, eremuan sartzeko maskara erabiltzea ezinbestekoa izango da.

Sarrerak doakoak izango dira eta Amaia antzokian jaso ahal izango dira uztailaren 1etik 9ra, astelehenetik ostegunera , arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara. Bertaratzen den pertsona bakoitzak, 4 sarrera hartu ahal izango ditu.

Emanaldi hauetarako bideratutako aurrekontua 55.000 eurokoa da, eta Udalak adierazi duenez, “bertako sortzaile eta kulturgileei ikusgarritasuna eman eta koronabirusaren eraginez bizi duten egoera arintzeko modu bat ere bada. Emanaldi orotan segurtasun neurri guztiak bermatuko dira”.