Seme-alaben autoestimua eta komunikazioa lantzeko familia-saioak antolatu ditu Arrasateko Udalak, EKKO programaren baitan

2026/11/06
Seme-alabei hazten laguntzeko, garrantzitsua da haien ondoan egotea, entzutea eta egunerokoan sortzen diren egoerei elkarrekin heltzea. Horretarako, Arrasateko Udalak, herriko ikastetxeekin, Txatxilipurdirekin, Leintz Eskola Kirolarekin eta San Juan de Dios Ospitalearekin elkarlanean, EKKO programako familia-saioak antolatu ditu beste ikasturte batez, LH 5. eta 6. mailako ikasleen familien parte-hartzea sustatzeko.
Seme-alaben autoestimua eta komunikazioa lantzeko familia-saioak antolatu ditu Arrasateko Udalak, EKKO programaren baitan

EKKO (Eskola-Komunitatea-Kirola-Osasuna) programaren barruan, ikasturte honetan autoestimua eta komunikazioa lantzen ari dira LH 5. eta 6. mailako ikasleekin. Familia-saioetan, gurasoek bakarrik edo seme-alabekin batera parte hartu ahal izango dute, dinamika eta jarduera praktikoen bidez.

 

Nola lagundu diezaiekegu seme-alabei beren buruarengan konfiantza izaten? Nola komunikatu haiekin? Galdera horien inguruan hausnartzeko eta esperientziak partekatzeko aukera eskaintzen dute saioek. Izan ere, haurren gizarte-trebetasunak eta ongizatea indartzeko, funtsezkoa da egunerokoan lantzen diren harremanak eta balioak zaintzea.

Arrasateko Udalak familiak saio hauetan parte hartzera animatu nahi ditu.

SAIOEN INFORMAZIOA

  • Datak: azaroaren 23tik 26ra.
  • Lekua: Gaztelekua (Nafarroa etorbidea 12B, tren geltoki zaharra).
  • Iraupena: ordu eta erdi.
  • Izen-ematea: azaroaren 18ra arte.

Saioa aukeratu eta izena eman: izenemateak.arrasate.eus edo 943 25 20 00 telefonoan