SENDIAN programako Laguntza Taldeak

2015/10/29
Card image cap
Bertan parte hartzeko aukera Arrasaten

Mendekotasuna duten pertsonak etxean senitartean zaintzea erabaki dute familia askok, ahal den bitartean behintzat. Zaintzaileek, maitasuna, erantzukizuna, tristura, kezka e.aen multzo bat bizi dute askotan; zaintzak dakarren ondorioak eta nahaste ezberdinak behar bezala bideratzen ez badira, larritasun eta estres modura pilatzen joan daitezke.

SENDIAN programa, familia hauen beharrak artatzeko sortu zen Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenetik;  etxeko zaintzaile direnei laguntza eta babesa emanez gero, ez-oreka pertsonalak eta familia mailako gora-beherak arintzen joan daitezkeela planteatzen da. Honek guztiak, mendekotasuna duen pertsona hobeto zaindu ahal izatea errazten du. Egoera berdintsuan dauden kideak talde batean biltzea bera, onuragarria suertatzen da, eta esker oneko espazioa bilakatzen da eurentzat. Honi esker:

  • Modu irekian, lasai asko konpartitu ditzakete euren bizipen eta sentimenduak; baita ere, norberak erabili ohi dituen estrategia eta baliabideak besteek ikasi ahal izateko aukera izatea.
  • Elkar ulertzen dutela sentitzen dute; batak bestea “jaso” eta errekonozitzea, konplizitate ikuspuntu batetik
  • Barrua hustu, blokeoak eta kezkak azaleratzeko “ingurune babestua” da
  • Honekin batera, “pilak kargatzeko” txokoa ere izan daiteke

Talde eta espazio aktiboak dira: elkarrizketak sortu ahala konpartitu eta elkartrukatzen dira partaideen artean; aldi berean, zaintza eta emozioen esparruan esperientzia duen psikologa batek, saioa dinamizatzen du: gaiak proposatu, bideratu, e.a.

Aurretik zehaztutako maiztasun batez biltzen dira –hilean bitan normalean-, eta etxean mendekotasuna baloratua duen norbaiten zaintzaile izatea nahikoa da. Herriko Gizarte Zerbitzuetan burutu daitezke izen-emateak interesaturik daudenentzat.

Arrasaten interesa duzuenok, jarri zuzenean harremanetan udal gizarte zerbitzuekin (943-252007), ongizate@arrasate.eus, edo etorri gure bulegoetara Txaeta kalea 3, behean.