Sormena feminismotik sustatzeko lehen beka deialdia egin dute Arrasateko Udalak eta Emakume Txokoak
2026/03/23
Arrasateko Udalak eta Emakume Txokoak I. Sormen Beka Feminista jarri dute abian, ikuspegi feminista eta intersekzionala duten kultur sorkuntzak sustatzeko. Ekimenak 10.000 euroko zuzkidura izango du, eta emakume sortzaile berriei zuzenduta dago.
“Gaur jauzi garrantzitsu bat ematen dugu emakumeen ikusgarritasunean, bereziki mundu artistikoan. Ate berri bat zabaltzen diogu sormena emakumeen eskutik eta ikuspegi feminista batetik eraikitzera. Begirada intersekzionala txertatuz eta berme ekonomiko baten bitartez sustengatuz” azaldu du Eva Abuinek, Feminismoa eta LGTIQ+ zinegotziak.
Sormena, ikuspegi feministatik
Deialdi honen helburua da sormen kulturala ikuspegi feministatik indartzea, emakume sortzaileei baliabideak eta aitortza eskaintzea eta herriko kultur eskaintzan begirada feminista eta intersekzionala txertatzea. Abuinen ustez, “sormena eraldaketa sozialerako tresna eraginkorra da, eta beka honek emakumeen ahotsa eta ekarpena erdigunean jartzea du xede”.
Amets Beltran de Guevarak aurkeztu ditu Sormen Beka Feministaren oinarriak. “Sormen kulturaltzat joko dira irudimenetik eta lan artistikotik eratorritako proposamenak: musika, literatura, antzerkia, zinema, komikia, arte plastikoak, dantza, ikus-entzunezkoak, sormen digitala eta bestelako diziplina artistikoak”.
Emakumeek parte hartu eta sortzeko
Beka emakumeei zuzenduta dago, banaka nahiz taldean aurkez daitezkeen proiektuen bidez. Taldeen kasuan, kide guztiak emakumeak izan beharko dira eta nortasun juridikorik gabeko pertsona fisikoen taldea osatu.
Eskatzaileek 18 urtetik gora izan beharko dute, sortzaile berriak izan —gehienez behin aurkeztu izana lana zirkuitu profesionaletan— eta euskaraz komunikatzeko gaitasuna izan. Taldeka aurkeztuz gero, taldea sortu berria izan beharko da, eta gutxienez kideen bi herenek sortzaile berriak izan beharko dute.
Aurkezten diren lanek jatorrizkoak izan beharko dute, eta hitzak dituzten proposamenen kasuan, euskaraz aurkeztu beharko dira. Proiektuak, gainera, sormen lanaren deskribapena eta zabalkunde proposamena jaso beharko ditu.
10.000 euroko laguntza eta zabalkundea
Bekaren zuzkidura 10.000 eurokoa izango da sormen prozesua garatzeko. Epaimahaiak zenbatekoa proiektu bakar bati eman edo hainbat proiekturen artean banatu ahal izango du, eta beharrezkotzat jotzen badu, beka eman gabe uzteko aukera ere izango du.
Sormen prozesuak gehienez bederatzi hilabete iraungo du, eta, salbuespenez, beste hiru hilabeteko luzapena onartu ahal izango da. Amaitutako lana Arrasaten aurkeztu beharko da lehen aldiz, herritarren aurrean eta Udalarekin adostutako formatuan.
Zabalkunde programak udal ekipamenduak erabili ahal izango ditu, eta oinarrizko gastuak Udalak hartuko ditu bere gain, aurrekontu mugen barruan eta epaimahaiaren onarpenarekin.
Epaimahaia eta balorazio irizpideak
Epaimahai batek aztertu eta ebaluatuko ditu aurkeztutako proposamenak. Honako irizpideak hartuko dira kontuan, besteak beste: proiektuaren kalitatea, originaltasuna eta izaera berritzailea; zabalkunde proposamenaren sendotasuna; ikuspegi intersekzionala; feminismoaren egungo lehentasunekiko lotura; eta Arrasaten erroldatuta egotea.
Gutxienez 30 puntu lortu beharko dira beka eskuratzeko. Berdinketa kasuan, hautagaiei elkarrizketa egingo zaie azken erabakia hartu aurretik.
Proposamenak urkezteko azken eguna: apirilaren 24
Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak gaur, martxoak 23, argitaratu du deialdia, eta, ondorioz, bihartik hasi eta apirilaren 24ra aurkeztu ahal izango dira proposamenak.
Proposamenak BAZen edo izen emate galdetegia betez aurkeztu beharko dira. Beharrezko inprimakiak eta informazio osoa Udalaren webgunean egongo dira eskuragarri:
Eskaerarekin batera, proiektuaren memoria, motibazio azalpena, zabalkunde proposamena, zinpeko adierazpenak, NANaren kopia, errolda agiria eta curriculuma aurkeztu beharko dira, oinarrietan zehaztutako formatuan.
Informazio gehiago nahi dutenek berdintasuna@arrasate.eus helbidera jo dezakete.