SOS Arrazakeriak gorroto-diskurtsoei, gorroto-delituei eta diskriminazioari buruzko hitzaldia eskainiko du Arrasaten
2026/11/25
SOS Arrazakeriak «Gorrotoak, gorroto-delituak eta diskriminazioa» izeneko hitzaldia eskainiko du azaroaren 30ean, Arrasaten. Saioa 18:30ean izango da, Kulturateko Jokin Zaitegi aretoan, Neikea proiektuaren barruan.
«Gorroto-diskurtsoak eta diskriminazioa: ulertu, prebenitu eta aurre egin» goiburupean, hitzaldian gorroto-diskurtsoak, gorroto-delituak eta diskriminazio-egoerak identifikatzeko eta bereizteko gakoak landuko dira, eguneroko egoeretatik abiatuta.
Horrez gain, horrelako egoeren aurrean zer egin daitekeen aztertuko da, baita herritarren eskura dauden babes-mekanismoak eta lege-esparruak eskaintzen dituen tresnak ere. Helburua da fenomeno horiek hobeto ulertzea eta diskriminazioari eta gorroto-diskurtsoei aurre egiteko baliabideak eskaintzea.
Neikea proiektua, diskriminazioaren biktimei laguntzeko
Neikea SOS Arrazakeriaren Elkarteen Federazioak sustatutako proiektua da, diskriminazioa eta gorroto-delituak jasan dituzten pertsonei arreta, laguntza eta aholkularitza eskaintzeko.
Ikuspegi integral batetik, biktimei laguntza juridikoa eta psikosoziala eskaintzen die, haien eskubideak bermatzeko, bizitako egoeren ondorioei heltzeko eta eragindako kaltea konpontzen laguntzeko.
Horretarako, Informazio eta Salaketa Bulegoak (OID) ditu, arrazakeria, diskriminazio eta gorroto-delituen aurrean informazioa, orientazioa eta laguntza eskaintzeko.
Proiektuaren barruan, SOS Arrazakeria Gipuzkoak arreta-puntu bat du Arrasaten, Debagoieneko eta inguruko herrietako biztanleei zerbitzua emateko.