TAO sisteman udan zehar burutuko dituen aldaketak iragarri ditu Udalak

2022/03/09
Guztira 194 ekarpen jaso ditu Udalak. Hala nola, Arrasateko gremioentzako txartel berezi bat sortuko da, 2 ordu dohaineko tartea egongo da TAO urdinean eta gorrian, etxebizitzek 3. txartela lortzeko aukera izango dute, eta eremu berriak TAO sisteman sartuz eta aparkatzeko zenbait gunek ere egokitzapenak izango dituzte.

Arrasateko Udalak TAO sisteman datozen hilabeteetan ezarriko dituen aldaketen berri eman du prentsa agerraldian. Pasaden abenduaren 4an jarri zen abian TAO sistema berria probaldian, eta otsailaren 4an behin-betikoz. Ordutik, Udalak, analisi sakon bat egiten dihardu aztertuz herritarren erabilera, aparkaleku beharrak, erabileraren arabera egin beharreko egokitzapenak eta zerbitzuak behar dituen doikuntzak.

Guztira 194 ekarpen jaso ditu Udalak. Horiek oinarri, eta udal zerbitzu teknikoek egindako azterketatik eratorritako proposamenak aintzakotzat hartuta, honako aldaketak gauzatuko dira:

  • Mugikortasun urriko aparkalekuak doakoak izango dira.
  • Arrasateko gremioentzat txartel berri bat sortuko da, beren jarduera erraztuko duena. Jarduerak Arrasaten kokatua egon behar du eta laneko ibilgailua izatea beharrezkoa da.
  • Etxebizitzetan, hirugarren txartel bat eskatzea ahalbidetuko da. 2. txartelaren prezio bera izango du. Egun 2.484 Egoiliar Txartel daude eginda. San Andres auzoan eskatu dira gehien.
  • Txandaketa lasaia, eremu gorria, ordu t’erditik 2 ordura zabalduko da. Araba etorbidean, Munarren eta Amaia Antzoki alboan daude eremu hauek.
  • Egonaldi Mugatua, TAO urdina, 3 ordutik 4 ordura zabalduko da eta doako tartea ordu erditik 2 ordura igoko da, edozeinentzat (lehen arrasatearrentzako soilik zen doako tartea). 0,8 €ko prezioa du orduko.
  • Egonaldi Luzearen, TAO berdea, tarifazioa merketuko da, txandako 1,5€ izatetik 1€ izatera pasako da eta egun osokoa 3 eurotik 2 eurora.

Barrutien mugaketan ere aldaketak ezarriko dira:

  • Zerrajera kalearen mendebaldeko zatia OTA eremuan sartuko da, 0.2 barrutian.
  • Bizkaia Etorbidea 11 etxea OTA eremuan sartuko da, 0.3 barrutian.
  • Jose Luis Iñarra-Altamirazpi izeneko 0.4 barruti berria sortuko da, kale hau ere OTA eremuan sartuz.
  • Uriburu kaleko hasierako alde osoa 1.1 barrutian sartuko da.
  • Foruen plaza 6 ataria 1.1 barrutian sartuko da.
  • Kontzeziño 12-18 atariak 2.1 barrutian sartuko dira.

Aparkatzeko zenbait gunek ere aldaketak izango dituzte:

  • Txandaketa Ugaria, TAO Express, ia erabat murriztuko da, aparkaleku horiek TAO arrunta (urdina) eta TAO luzea (urdin-berdea) bihurtuz, zerbitzua zabalduz eta aparkatzeko aukera malguagoa eskainiz horrela. TAO modalitate aldaketa Mondragones kalean, Otaloran edota Nafarroa etorbidean burutuko da, besteak beste.
  • Gune berde eta urdin gehiago sortuko dira Gudarien Plazan, Arrasate Pasealekuan, Bizkaia Etorbidean, Otalora Lizentziatua kalean, eta Aprendices eta Txaeta kaleetan.

Aldaketak udan zehar burutzea du asmo Udalak. Apirileko Osoko Bilkuran tramitatuko da TAO ordenantzaren aldaketa puntuala. Ostean jendaurrean egongo da 20 egunez, eta ekainean onartzea da Udalaren asmoa.

Gremioen txartela eta mugikortasun urriko aparkalekuen doakotasuna datorren astelehenetik aurrera jarriko da abian, martxoak 14. Gremioentzako txartel probisional bat jarriko da martxan, zeina OTA Bulegoan eska daitekeen (Olarte Kalea 16), beraien lana erosotasunez garatu dezaten. Udatik aurrera egongo da eskuragarri behin betiko txartela.

Arrasaten 13.483 auto daude erroldatuta

Arrasate herri bat den arren, hiriburu ezaugarriak ditu trafikoari dagokionean: 5000 kotxe sartzen dira zentrora egunero. Arrasaten 6.555 aparkaleku daude lurgainean (horietatik %91 libreak) eta 6.230 plaza lurgainetik kanpo. Arrasaten 13.483 auto daude erroldatuta, 1,5 auto etxebizitza bakoitzeko, eta autoaren erabilera asko handitu da herri barruko desplazamenduak egiteko. 2007an 2,98 desplazamendu/eguneko egiten zituen pertsona bakoitzak Arrasaten eta duela urte bete, 3,4 desplazamendu/eguneko. Gainera Co2 isurketarik handienak ibilgailuetatik datoz, %31,3, industriaren aurretik (%30,9).

TAO bulegoa zabalik

TAOren informazio bulegoa Olarte kaleko 16. zenbakian dago kokatuta. Telefonoz (943 101006) edo posta elektronikoz (otaarrasate@gertek.eus) ere egin ahal izango dira kontsultak. Informazio gehiago nahi izanez gero, jo www.arrasate.eus/tao webgunera.