Titulatu berrientzako beka programa ere martxan

2014/10/01
Card image cap
Gaur aurkeztu dugu Arrasateko Udalak Saiolanekin elkarlanean atera dugun beka programa. Titulatu berriak diren gazteei zuzendutakoa da eta 2014an zehar garatzekoa.

Aurkezpenean izan dira Inazio Azkarragaurizar, Arrasateko alkatea; Joseba Sagastigordia, Saiolaneko zuzendaria, eta Marga Garmendia, Arrasateko Udaleko enplegu eta garapen teknikaria.

Alkateak gogora ekarri du gaur aurkeztu dugun beka programa Arrasaten Enplegua Sustatzeko Planaren parte dela:  “Plan hau 2014an zehar ari gara Udaletik bultzatzen, Mondragon Unibertsitatearekin, Saiolanekin eta herriko hainbat enpresekin batera”.  Eta azpimarratu du elkarlan horri esker, lana sustatu dela egoera ezberdinetan dauden Arrasatearrentzat  “Lanbai azokaren bidez, herriko langabeen kontratazioa bultzatuz, bai Udalaren beharretarako, bai bertoko langabeak kontratatzen dituzten enpresei diru-laguntzak emanez”.

Lehen lan esperientzia kualifikatua 

Orain, berriz, gazteei lan mundurako ateak zabaltzeko ahalegina egingo dugu,  Beka programa honekin. Alkatearen esanetan, “titulatu berriei aukerak zabalduko dizkiegu beraien lehen lan esperientzia kualifikatua, bertoko enpresetan, burutu dezaten”. Beka programa hau izango da Udaletik 2014an Arrasaten enplegua sustatzeko bultzatzen ari garen Planaren 4 lan ildoa.

Halaber, Inaziok aipatu du beka programa honetan inplikatuko diren enpresa guztiak gure eskualdekoak izango direla, “Debagoiena Eraldatzen egitasmoan aztertzen ari diren enpresak, hain zuzen”.

Beka programaren ezaugarri nagusiak

Udaleko enplegu teknikari, Marga Garmendiak azaldu duenez, titulatu berri bakoitzak 800 euro jasoko ditu hilean, eguneko 6 orduko jardunean. Beken iraupena 3 eta 6 hilabete artekoa izango da, proiektuaren beharren arabera.

Burutuko diren proiektuen ezaugarri orokorrei dagokienez, Garmendiak azaldu du bekadunek Debagoiena eraldatzen industria sektorean aztertzen ari diren enpresetako proiektuak eramango dituztela aurrera: “Era desberdineko proiektuak izan daitezke, enpresa bakoitzaren beharren arabera; ingeniaritzakoak, antolaketakoak, komunikaziokoak, logistikakoak…”.

Proiektu horietarako poltsa bat eratuko da titulatu berriekin eta Margak azaldu duenez, poltsa horretan  izena emateko epea urriaren 6tik aurrera izango da (BOGen iragarkia argitaratzen den hurrengo egunean) abenduaren 30 arte.  “Eskaerak BAZen aurkeztu behar dira, eskabide orria bete eta dokumentazio osagarri bat aurkeztu behar da (oinarrietan agertzen dena)”.  Posible da e-mailez ere eskaera egitea helbide honetara bidaliz:  baz@arrasate-mondragon.net.  Hemen deialdia, oinarriak eta eskabide orriak.

Izena eman lehen bai lehen

Marga Garmendiak azpimarratu duenez, “proiektuak identifikatu ahala, titulatu berrien poltsan dauden pertsonen artean aukeratuko dira bekadunak”. Beraz, komenigarria da poltsan lehen bai lehen izena emanda egotea.

Titulatuek izan beharko dute: Unibertsitateko Gradua, Masterra, Ingeniaritzak, Goi Mailako Ziklo Formatiboak edo baliokideak.  Gehienez duela 2 urte lortutako tituluak izan behar dira.

Abendua amaierarako aurreikusten da proiektu guztiak abian jarrita egotea, eta Garmendiak azaldu duenez, “aurrekontua dugu 12 beka banatzeko. Udalak 50.000€ konsignatu ditu programa honendako.  Horrekin 12 bat beka finantzatu ahalko dira”.

Arrasateko Udala- Saiolan hitzarmena

Arrasateko Udalak eta Saiolanek hitzarmena sinatu dugu gaurko aurkezpenean bertan. Erakunde bakoitzak beka programa honetan dituen betekizunak zehazten ditu hitzarmen honek:  Udalak bere gain hartuko du programaren araudia finkatzea eta beken koste osoa. Saiolanek, berriz, proiektuen edukia garatuko du eta bekadunen tutoretza burutuko du.

Joseba Sagastigordia, Saiolango zuzendariaren hitzetan, “beka programa honi esker, tituludun berriek ETE-etarantz zuzendutako optimizazio proiektuak egiteko aukera izango dute, enpresak dakiena hobeto egiteko enpresa-helburuaz”. Halaber, azpimarratu du Saiolanek konfiantza osoa duela eskualde-garapenaren barruan dagoen ekimen honetan, “babes gutxiago daukaten enpresen lehiakortasuna hobetzeko prozesuan gazteak integratuz eta konpromisoa hartuz”.

Saiolan Debagoiena Eraldatzen proiektuan parte hartu duten 30 bat enpresekin jarri da harremanetan, tituludun berrientzako enpresak identifikatzeko eta espero dute  15 proiektu ateratzea.

Tutoretzak

Bekadunek programa honetan izango duten laguntzari dagokionez, Joseba Sagastigordiak aipatu du enpresa eta Saiolanen arteko partekatutako tutoretzak diseinatu dituztela: “Enpresa izango da neurri handi batean tituludun berriei arreta emango diena,  helburua bekadunak berezko enpresaren eguneroko zereginera gehitzea denez gero”

Arrasateko Udalak aurten martxan jarri duenaren  antzeko esperientzia bat badago jadanik Oñatin ere martxan. Debagoieneko gainontzeko herriei keinu egin die Joseba Sagastigordiak: “ekimen interesgarri honek eskualdeko gainontzeko Udaletan eragina izan dezan espero dugu”.