Tokiko elikadura eta ekoizleak, azaroaren 21eko bertako produktuen azokaren erdigunean
2026/11/17
Azaroaren 21ean, larunbatean, azokak ohiko eskaintza osatuko duen ekintza bereziak izango ditu. Karanketan ekimenaren baitan eta Arrasateko Elikadura Mahaiak sustatuta, tokiko elikaduraren balioa, lehen sektorearen garrantzia eta bertako ekoizleen lana herritarrengana hurbiltzea izango da helburua.
Oraingo honetan, azokak 18 ekoizle eta 5 artisau bilduko ditu. Horrez gain, herritarrek hainbat jardueratan parte hartzeko aukera izango dute. Batetik, Lanbide Hastapeneko sukaldaritzako ikasleek Arabar Lautadako 14 kilo baba pinta prestatuko dituzte, ondoren herritarren artean dastatzeko. Bestetik, Josu Pedruzok dinamizatuta, azokako ekoizleekin elkarrizketak egingo dira, haien lana, esperientziak eta eguneroko jarduna gertutik ezagutzeko.
Ekimen honen bidez, ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko harremana indartu nahi da, eta herritarrak tokiko elikaduraren, kontsumo ohituren eta lehen sektorearen inguruan hausnartzera gonbidatu.
Karanketan Arrasateko Elikadura Mahaiak sustatutako sentsibilizazio proiektua da, tokiko elikadura eta ekoizpen eredu jasangarriagoak herritarrengana gerturatzea helburu duena.
HITZORDUA
- Eguna: azaroak 21, larunbata.
- Lekua: Arrasateko baserritarren azoka.
- Baba dastaketa 11:00etatik aurrera
- Josu Pedruzoren dinamizazioa 12:00etatik aurrera