Trafikoa hobetu eta arintzeko hainbat lan egingo ditu udalak Arrasaten

2018/11/05
Card image cap
Mugikortasun planean jasotakoari jarraiki, hain zuzen Juan Bengoa, Kalealdea eta Zerrajera kalean egingo ditu esku-hartzeak

Arrasateko Udalak jasangarritasunaren aldeko urratsak ematen jarraitzen du, Arrasate herri atsegin, eroso, irisgarri eta segurua izan dadin.

Ildo horretan, joan den apirilaren 17an behin betiko onespena eman zion udalbatzak Mugikortasun Planari. Aipatu Planak, hain zuzen, herriko trafikoan aldaketa ugari egitea aurreikusten du, betiere, egungo egoera hobetu eta oinezkoen zein ibilgailuen mugikortasuna eta irisgarritasuna hobetu eta arintzeko.

Horri helduta eta Planean jasotakoari jarraiki, datozen asteotan, hainbat esku hartze egingo ditu Udalak Juan Bengoa, Kalealdea eta Zerrajera kalean, bertako trafikoa arindu eta modu horretara, Zigarrola, Usaetxe eta Zerrajera eremuko ibilgailuen zein oinezkoen egoera hobetzeko. Aipatu lanen bitartez, gainera, aparkaleku berriak ere sortuko ditu Udalak.

Horretarako arreta berezia eskainiko die zebrabideei, segurtasuna bermatze aldera, oinezko pasabideetan espaloiak zabalduzko. Aparkalekuei dagokienean, aldiz, zebrabidea hasi aurreko aparkalekua motorrentzat gordeko da.

Noranzko bakarra eta aparkaleku berriak sortzea lehentasun

Esan bezala, Udalak egingo dituen esku-hartze eta aldaketa guztiek helburu dute egungo trafiko arintzea eta Arrasate, ibilgailu eta bereziki oinezkoentzat atsegina, irisgarria eta segurua izatea.

Horretarako, Juan Bengoa kalean, noranzko bakarra jarriko da ibilgailuentzat: aurrerantzean, Elkano Kaletik Gipuzkoa etorbiderantz bideratuko da trafikoa.

Kalealde kalea ere noranzko bakarrekoa izango da, Zarugalde kaletik Erguin kalera, alegia. Lurrazpiko bi aparkalekuen irteeraren kasuan, bi noranzkoak errespetatuko dira. Horrez gain, aipatu eremuan ibilgailuentzat 25 aparkaleku berri sortuko dira eta motorrentzat, aldiz, 4.

Aipatu lanak Excavaciones y Transportes Orsa S.L. enpresak burutuko ditu eta guztira 35.280,57€ko aurrekontua izango dute.

Zerrajera kaleari dagokionean, aldiz, ibilgailuek ere noranzko bakarra izango dute, kasu honetan Aprendices kaletik Zalduspera bitartean. Horrez gain, 36 aparkaleku berri sortuko dira ibilgailuentzat eta 7 motorrentzat Debagoienako Ospitale eremuan.

Lan horiek Construcciones Moyua, S.L. enpresak egingo ditu eta 38.326,57€ko aurrekontua izango dute.