Tributu Sistema Progresiboa ezartzeko proposamena aurkeztu du Udal Gobernuak, “gutxien duenak gutxiago ordaindu dezan”

2025/09/11
Card image cap
Arrasateko Udal Gobernuak 2026ko Ordenantza Fiskalen proposamena aurkeztu du, berrikuntza nagusi batekin: herritarren ahalmen ekonomikoaren araberako hobari sistema progresiboa ezartzea. Gobernu planak jasotzen zuen konpromisoari jarraikiz, helburua da udal zergetan justizia fiskala bermatzea, baliabide gutxien dituzten familiek proportzionalki gutxiago ordaindu dezaten. Joseba Ezpeletak, Ogasun zinegotziak, eman ditu azalpen guztiak.

Zein zergatan aplikatuko da, eta nola kalkulatuko da?

Progresibitate irizpideak Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ), Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zerga (TMIZ) eta kiroldegiko tasetan ezarriko dira. Oinarrizko zerbitzutzat hartuko da OHZ, eta ez-oinarrizkotzat TMIZ eta kiroldegiko zerbitzuak.

Familia-unitatearen errenta eta ondare maila izango dira kontuan. Horretarako, PFEZ aitorpeneko datuak eta banku-ondarearen mugak erabiliko dira. Gainera, zenbait egoeratan kenkari gehigarriak jasoko dira: guraso bakarreko familien kasuan, genero-indarkeriaren biktimen kasuan edo %33tik gorako desgaitasuna duten kideen kasuan.

Lan handia ekarriko du Udalarentzat

“Momentuz tributu hauetan aplikatuko da. Izan ere, hobari guzti hauen tramitazioak lan administratibo handia dakar, eta gaur gaurkoz Udalak ez du ahalmen pertsonal eta ekonomikorik tramite hauek beste tributu batzuetara zabaltzeko” azaldu du Ezpeletak. Dena den, 3 tributu hauekin, Arrasateko Udalean justizia fiskaleko bide berri bat zabaltzen dela adierazi du, eta behin hauen funtzionamendu egokia egiaztatzen denean, bestelako tributu batzuk sartzeko atea zabalik utzi du Ogasun zinegotziak, esaterako zaborren tasa edota uraren tasa.

2026an abian jartzea eta herritarrei informazioa ematea

Gaineratu du, proposamen hauek 2026an jarriko direla indarrean, eta, ordurako, informazio kanpaina zabala prestatuko dutela, herritarrek beraien eskabidea egiteko aukerak ezagutu ditzaten. “Gure helburua izango da hobaria eskatu dezakeen pertsona orok hobari eskaera egitea”.

Herritarren egoera sozioekonomikoa

Zergadunen ahalmen ekonomikoaren araberako zergapetzea ezarri ahal izateko, Arrasateko biztanleriaren egoera sozioekonomikoaren azterketa egin zuen Arrasateko Udalak. 2024ko datuen arabera, Arrasateko batez besteko errenta pertsonala 26.749 eurokoa izan zen (31.751 € gizonetan eta 22.001 € emakumeetan). Bestalde, badira Arrasaten egoera zaurgarrian dauden herritarrak, izan ere, biztanleen %2,42 Lanbideren DBEren onuradun da (530 pertsona), eta %1,07k Gizarte Larrialdiko Laguntzak jaso zituzten.

Hobarien finantza-ondorioak Udalean

Sistema berriak ekarriko duen hobari gehigarria 25.000 euro ingurukoa izango dela kalkulatu da, gaur egun aplikatzen diren hobariak bikoiztuz. Hala ere, hiru tributu hauetan, udal diru-sarreren jaitsiera osoa %0,38koa besterik ez da izango: 6.526.211,78 eurotik 6.501.002,08 eurora. Gobernuak azpimarratu du progresibitate handiagoak ez duela Arrasateko finantza-orekan eragin nabarmenik izango.

KPIaren araberako igoera orokorra zergetan

Hobariek pertsona zaurgarrienak lagunduko baditu ere, gainontzeko herritarrek KPIaren araberako igoera izango dute udal zerga eta tasetan. “Bizitzaren garestitzeak gizarteko erakunde guztiei eragiten die, eta horrek denon etxea den Arrasateko Udalari ere eragiten dio. Horregatik, %2ko igoera izango dute udal zerga, tasa eta prezio publikoek, hainbat erakundek (INE, ADEGI edo FUNCASek) KPIa %2an kokatzea aurreikusten dutelako urte amaieran” azaldu du Ezpeletak.

Bestelakoa da zaborren eta uren tasa igoera, %3,6ko eta %5ekoa, hurrenez hurren. Ur-tasaren berrikuspena Gipuzkoako Ur Kontsortzioaren igoeraren eraginez egiten da (%2,3ko igoera 2026rako) eta ur kontagailu digitalak instalatzeko kostuagatik (1,33 milioi eurokoa).

Zabor tasari dagokionez, aurten ere, Europako legeak behartuta, defizita ezabatzera behartzen du Udala. Ondorioz, %3,6ko igoera izango du tasak; edo beste modu batera esanda, 2,81€ko igoera seihileko fakturazioan. Honen igoera birziklatze tasa txikiari egotzi dio Ezpeletak:

“Zoritxarrez, birziklatze tasak hobetzen ez ditugun bitartean, zabor tasen eguneraketak urtero egin beharko dira. Argia da mezua: zenbat eta gehiago eta hobeto birziklatu, orduan eta tasa txikiagoa ordainduko dugu; alderantziz, gutxiago birziklatzeak kostuak eta tasak handitzea dakar. 2016an birziklatzeak goia jo zuen, baina ordutik beheranzko joera izan du: organikoaren bilketa gutxitzen ari da eta errefusarena handitzen. Ondorioz, gero eta hondakin gehiago sortu eta gero eta garestiagoa da zerbitzua mantentzea”.  

Etxebizitza turistikoek %10eko igoera finkoa izango dute ur eta zabor tasetan. “Eskaera hau hirigintza sailetik etorri da, etxe turistikoak jarduera ekonomikora bideratuta daudelako, hotelak edota pentsioak bezala”.

Negoziaketa prozesua abian

Ezpeletak azaldu duenez, datozen asteetan negoziaketa prozesua abiaraziko dute oposizioko alderdiekin. “Aste honetan Ogasun Batzordean gobernuaren proposamena aurkeztu ostean, bi astetako epea ireki dugu, oposizioko alderdiek beraien ekarpenak aurkeztu eta bideragarriak direnak txertatu ahal izateko. Behin adostasun batera helduta, urriaren 7ko Osoko Bilkuran onartzea da aurreikuspena”. 

Koalizio gobernuaren balorazio positiboa

Udal Gobernua osatzen duten EH Bildu eta Elkarrekin Arrasate alderdiek argi utzi dute proposamen honen helburua dela “gutxien duenak gutxiago ordaintzea”, udal tasak eta zergak herritarren benetako egoera ekonomikoari egokituz. Gainera, honek udalerri justuagoa eta inklusiboagoa eraikitzen lagunduko duela defendatuz.

“Erabaki ausarta da Udal Gobernuak hartzen duena proposamen honekin. Urte askoz hitz egin da udaletxean progresibitatea ezartzeaz, eta, jauzi kualitatiboa ematen dugu. Ikaragarrizko lana egin da” azaldu du Eva Abuinek, Elkarrekin Arrasateren bozeramaileak.

“Zerga progresiboen ezarpena ez da soilik konpromiso politikoa betetzea; herritarren bizi kalitatea hobetzeko erabaki sendoa da. Aurrerantzean, bakoitzak bere ahalmenaren araberako ekarpena egingo dio bote komunari” esan du Kepa Urteagak, EH Bilduko bozeramaileak.