Tributu Sistema Progresiboa ezartzeko proposamena berretsi du Udalbatzak
2025/10/07
Udalbatzak gaur onartu ditu 2026ko ordenantza fiskalak arautuko dituen dokumentua. Aurten hobari sistema progresiboa txertatuko da lehendabizikoz, Udal Gobernuak hala proposatuta. Negoziazio epea amaituta, oposizioak egindako hainbat proposamen berri ere txertatu ditu gobernuak. Hori horrela izanda ere, gobernua sustengatzen duten bi alderdiekin egin du aurrera proposamenak.
Tributu sistema progresiboruntz
Irailean aurkeztu zuen Udal Gobernuak Tributu Sistema Progresibo bat ezartzeko lehen proposamena, eta gaurko osoko bilkurak argi berdea eman dio. Modu honetan, gutxien duten familiek gutxiago ordainduko dute hobari sistema baten bitartez.
Progresibitate irizpideak Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ), Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zerga (TMIZ) eta kiroldegiko tasetan ezarriko dira. Oinarrizko zerbitzutzat hartuko da OHZ, eta ez-oinarrizkotzat TMIZ eta kiroldegiko zerbitzuak.
Familia-unitatearen errenta eta ondare maila izango dira kontuan. Horretarako, PFEZ aitorpeneko datuak eta banku-ondarearen mugak erabiliko dira. Gainera, zenbait egoeratan kenkari gehigarriak jasoko dira: guraso bakarreko familien kasuan, genero-indarkeriaren biktimen kasuan edo %33tik gorako desgaitasuna duten kideen kasuan.
Oposizioko proposamenak ere kontutan izan dira
Udal Gobernuak proposatutako tributu sistema progresiboarekin bat egin dute oposizioko alderdiek, eta beste zerga batzuetan aldaketak proposatu dituzte. Horietako batzuk onartu dira behin betiko proposamenean, eta, ondorioz, tasa hauek ez dute %2ko igoerarik izango: azokakoak, atarteetakoak edota establezimendu berriak irekitzekoak. Azkenik, lokal hutsak etxebizitza bilakatzeko obretan %50eko hobaria ere onartu da.
“Udal Gobernutik prestutasun osoa izan dugu 2026rako tributu sistema negoziatzeko eta proposamen berriak txertatzeko. Horren erakusgarri da ez dugula alderdien aldeko botoa baldintzatu oposizioaren proposamenak txertatu ahal izateko. Herriarentzat egokiak eta ekonomikoki bideragarriak direnak txertatzeko prestutasuna izan dugu, eta hala islatu da azken emaitzan. Proposamenetako batzuk onartzea ezinezkoa zen, zerbitzuen defizitan sakontzen jarraitzea suposatuko lukeelako, udal finantzak okerrera eginez” azaldu du Joseba Ezpeletak, Ogasun zinegotziak.
2026an indarrean
Aipatutako salbuespen eta hobariak izan ezik, KPIaren araberako igoera orokorra izango da udal zerga eta tasetan. “Bizitzaren garestitzeak gizarteko esparru guztiei eragiten die, eta horrek denon etxea den Arrasateko Udalari ere eragiten dio. Horregatik, %2ko igoera izango dute udal zerga, tasa eta prezio publikoek, hainbat erakundek (INE, ADEGI edo FUNCASek) KPIa %2an kokatzea aurreikusten dutelako urte amaieran” azaldu du Ezpeletak.
Bestelakoa da zaborren eta uren tasa igoera, %3,6ko eta %5ekoa, hurrenez hurren. Ur-tasaren berrikuspena Gipuzkoako Ur Kontsortzioaren igoeraren eraginez egiten da (%2,3ko igoera 2026rako, baina 2025eko %12ko igoerarekin) eta ur kontagailu digitalak instalatzeko kostuagatik (1,33 milioi eurokoa).
Zabor tasari dagokionez, aurten ere, Europako legeak behartuta, defizita ezabatzera behartzen du Udala. Ondorioz, %3,6ko igoera izango du tasak; edo beste modu batera esanda, 2,81€ko igoera seihileko fakturazioan.