Uarkapek Binakako Serie A-ko play off-aren azken jardunaldia hartuko du otsailaren 22an

2026/02/12
Card image cap
Datorren otsailaren 22an, Arrasateko Uarkape pilotalekua lehen mailako esku pilota jaialdi garrantzitsu baten agertoki izango da beste behin ere. Hain zuzen, Binakako Serie A-ko play off-aren azken jardunaldia jokatuko da bertan, txapelketako une erabakigarrian.

Gaur-gaurkoz, Elordi-Zabaleta eta Laso-Albisu bikoteak finalerdietarako sailkatuta daude jada. Hala ere, sailkapeneko 3. eta 4. postuak oraindik erabakitzeke daude, eta asteburu honetan argituko dira azken bi txartelak. Lau bikote dira lehian: Zabala-Martija, Larrazabal-Eskiroz (Mariezkurrenaren ordez), Altuna III-Ezkurdia eta Jaka-Iztueta. Bikote horietatik bi izango dira Arrasaten jokatuko den hil ala biziko norgehiagokako protagonistak.

Bigarren norgehiagoka Ander Muruarekin

Play off-etako partida nagusiaz gain, jaialdiak bigarren norgehiagoka ere izango du, eta bertan ariko da Ander Murua herriko pilotaria. Azpimarratzekoa da Murua Binakako Serie B-ko txapelketarako sailkatua dagoela, eta otsailaren amaiera eta martxoaren hasiera bitartean finalerdiak jokatuko dituela.

Arrasateko Udalak herritarrak eta pilotazaleak gonbidatu nahi ditu Uarkapera bertaratzera eta goi mailako kirolaz gozatzera. Sarrerak dagoeneko salgai daude www.entradasfronton.com webgunean.