Uda honetan, asteburu guztietan bisita gidatuak eta mendiko ibilbideak Arrasate ezagutzeko

2022/06/29
Card image cap
Bisita gidatuak zapatuetan egingo dira, uztailean, abuztuan eta irailean; mendi irteerak, berriz, domeketan egingo dira, irailera arte

Uda iristearekin batera, Arrasateko Udalak udako eskaintza turistikoa aurkeztu du, Arrasate sakon ezagutzeko programa, bai herritarrentzat, bai bisitarientzat.

Horrela, ‘Arrasate gertuko turismoa – Arrasate, tu destino directo’ lemapean aurkeztutako programak bisita gidatuak eta mendiko ibilbideak eskaintzen ditu asteburuero Arrasate ezagutzeko. Uztailean, abuztuan eta irailean bisita gidatuak izango dira zapatuetan udalerriko historia, industria edo eraikin garrantzitsuenen inguruan. Halaber, Arrasateko natura ingurunea ezagutzeko, mendi irteerak domeketan egingo dira uztailetik irailera bitartean.

Programa honen helburua da Arrasateko ondare historikoa zein naturala baloratzea eta ezagutaraztea, baina, aldi berean, tokiko garapen ekonomikoa bultzatzea, herritarrei eta bisitariei Arrasate ezagutzeko eta, horren bidez, planak eskaintzea tokiko kontsumoa bultzatzeko.

Izena eman behar da BAZen, 943 25 20 00 telefonora deituz edo turismo@arrasate.eus helbidera idatziz. Programatutako jardueretan izena emateko azken eguna izango da irteera aurreko egubakoitzean, eguerdiko 12:00ak arte.

Eguna osatzeko plan alternatiboak

Bisita gidatuekin eta mendi irteerekin batera, Arrasaten uda osoan beste plan batzuk eskainiko dira, udalerrian eguna osatzeko.

Adibidez, uztailaren 2tik 29ra, Udazabal musika programa egingo da, artista eta talde lokalen kontzertuekin.

Era berean, uztailaren 16an, bertako produktuen ohiko azokarekin batera, Txakolinaren Eguna ospatuko da, eta urrian aukera izango da AIBAz gozatzeko, Mendi martxa, Maritxu Kajoi Puntaik Punta, edo Gaba Baltza

Bisita gidatuak eta mendiko ibilbideak

  • Bisita gidatuak

Zapatuetan uztailean, abuztuan eta irailean. (uztailean 2/9/23/30; abuztuan 6/27; irailean 3/10)

11:00etan euskaraz

12:15ean, gaztelaniaz

Abiapuntua: Herriko plazan

  • Bisita gidatu berezia

Irailaren 17an, zapatua, San Juan Bataiatzailea eliza gotikoa

11:00etan euskaraz

12:15ean, gaztelaniaz

Abiapuntua: Herriko plazan

  • Mendiko ibilbideak
    1. Uztailaren 3an: Arrasateko itzulia, mendebaldetik
    2. Uztailaren 10ean: Udalatxeko igoera Besaidetik.
    3. Uztailaren 17an: PR Gi 206 Murugain, dragoiaren ibilbidea.
    4. Abuztuaren 7an: Udalako igoera, baliabide naturalak erabiltzen ditugun bitartean
    5. Abuztuaren 14an: Gongetako meategiak Txukurrillotik
    6. Irailaren 4an: masusta bilketa eta marmelada tailerra
    7. Irailaren 18an: Gravel bizikleta ibilbidea.
    8. Urriaren 30ean: Naturari beste begirada bat.
  • Ibilbide mistoa

Uztailaren 16an: Ignaziotar bidea Vasco-Navarro bide berdetik, bizikletaz

Ikusi programa osoa hemen.