Udaberriko oporretan gaztetxoek egitarau zabala izango dute Arrasaten

2024/03/20
Card image cap
Udaleko Gaztetxokoetatik “Udaberriko oporrak” deituriko egitaraua antolatu da apirileko lehen asterako

Udaleko Gaztetxokoetatik “Udaberriko oporrak” deituriko egitaraua antolatu da apirileko lehen asterako. Egitaraua zuzentzen zaie 12-17 urte bitarteko nerabeei, eta denetariko aukerak izango dituzte.

Egunez eguneko egitaraua

Apirilaren 2an, martitzena, bizikleta txangoa egingo dute Eskoriatzako tirolinaren parkera. Egun osoko irteera izango da, 11:30ean hasi eta 17:30 arte. Euria eginez gero, sukaldaritza hondoratuaren tailerra egingo da Gaztelekuan.

Eguaztenean, apirilak 3, gaztetxoak Iruñera joango dira, Salting Iruña parkera, ohe elastikoen parkea. Goizeko 10:00etan irtengo du autobusak Arrasatetik, eta 18:00etan bueltatu. Plaza mugatuak izango dira eta 10 euroko kostua izango du.

Apirilaren 4an, eguena, tenis txapelketa egingo dute Musakolako kiroldegian. Arratsaldeko plana izango da, 16:00etatik 20:00etara.

Egubakoitzean, apirilak 5, Zumaia-Zarautz mendi martxa egingo dute, egun osoko irteeran. 10:00etan irtengo dute autobusean Arrasatetik, eta 20:00ak aldera bueltatu. Plaza mugatuak daude, eta 5 euroko kostua izango du.

Zapatuan, hilak 6, espeleologiaren txanda izango da. Horretarako Arrikrutzera (Oñati) irteera egingo dute, eta adituen laguntzarekin, kobazuloa ezagutuko dute. Plaza mugatuak daude, eta 5 euroko kostua izango du.

Egitarauaren azken egunerako, apirilak 6, domeka, tren geltokiko gaztelekuan “Txilling eguna” izango da, ohiko duten espazioan lagunartean egon eta modu librean jolasteko.

Izena emateko

Ekintza guztiek aurretiazko izen ematea beharko dute, bereziki plaza mugatuak dituzten ekintzetan. Horretarako azken eguna martxoaren 24a izango da, eta izena eman daiteke Gaztetxokoetan, esteka honetan edo Gaztetxokoaren sare sozialen bitartez (Instagram kontuak edo whatsapp zenbakietan).