Udaixe 2022 prest, gazteek udan aisialdiaz gozatzen jarraitzeko

2022/06/09
Card image cap
Udaixek eskaintza ezberdin bi hartzen ditu: 6ak BAIETZ!, egun bakarreko 6 plan ezberdin, eta Gaztekonkis – Elosu abentura, 3 eguneko irteera.

Arrasateko Udaleko Gaztetxokoek prest dute jada aurtengo Udaixe programa, 12-17 urte arteko gazte guztiei zuzendutako udako egitaraua, uda sasoian ere aisialdiaz gozatzen jarraitzeko.

Ekainaren 27tik uztailaren 14ra bitartean egitarau zabala antolatu dute, nerabeen proposamenak entzun eta haiei leku eginda: irteerak, ekintzak... eta baita lasai egoteko momentuak ere.

Izena eman behar da aurrez, ekainaren 21a baino lehen, on-line, Gaztetxokoetan edo Gazte Bulegoan, edo zerbitzuetako sare sozialen bitartez.

Udaixek atal bi ditu: 6ak BAIETZ!, egun bakarreko 6 plan ezberdin, eta Gaztekonkis – Elosu abentura, 3 eguneko irteera.

6aK BAIETZ!

  • Ekainaren 27an, astelehena, 19:30-22:30: pizza + pelikula, ospitale ondoko tren geltoki zaharrean. Fidantza: 2 euro.
  • Ekainaren 29an, eguaztena, 11:00-18:00: irteera Usakora bizikletan, Musakolako gaztetxokotik abiatuta. Bizikletarik ez dutenentzat Gaztetxokoek lortuko dituzte. Fidantza: 2 euro.
  • Uztailaren 1ean, egubakoitza: 11:30-19:30 irteera Salting Iruñera. Irteera: ospitaleko bus geltokia. Prezioa: 10 euro.
  • Uztailaren 4an, astelehena, 10:00-18:00: irteera Urdaibaira piraguan ibiltzera. Irteera: ospitaleko bus geltokia. Prezioa: 10 euro.
  • Uztailaren 6an, eguaztena, 12:30-16:30: bazkari parrila + ur jolasak Santa Barbaran. Fidantza: 2 euro.
  • Uztailaren 8an, egubakoitza, 11:00-18:00: irteera Mutrikuko igerileku naturalera. Irteera: ospitaleko bus geltokia. Prezioa: 10 euro.

Ekintza guztietan izena eman daiteke 25 euro ordainduta eta, gura izanez gero, aukera dago ekintza solteetan izena emateko.

GAZTEKONKIS Elosu abentura

3 eguneko irteera, uztailaren 12, 13 eta 14an. Elosu ingurutik erronka eta abentura dibertigarriak biziko dituzte. Irteera uztailaren 12an, martitzenean, goizeko 11:00etan izango da eta itzulera uztailaren 14an, eguenean, 14:00etan. Irteeraren prezioa da 30 euro.