Arrasateko Udalak herribus zerbitzuaren kontratua etengo du Avanza SA enpresarekin

2023/05/04
Card image cap
Argazkia: Goiena
Atzo, maiatzak 3, 19:50ean, Arrasateko Santa Marina kaleko 36. atariaren aurrean, herribusak su hartu zuen.

Atzo, maiatzak 3, 19:50ean, Arrasateko Santa Marina kaleko 36. atariaren aurrean, Gernikako Zumardiak puntu horretan duen zubiaren ondoan, herribusak su hartu zuen.

Autobusaren motorrak hartu zuen su eta autobus osora hedatu zen. Gidaria zein erabiltzaileak autobusetik irten eta ez zen zauriturik izan.

Sua itzaltzeko, udaltzainak, suhiltzaileak eta beharrezko larrialdi zerbitzuak bertaratu ziren. Gauean eta goizean garbiketa zerbitzua bertan egon da lanean lekua atontzen, eta asfaltoa oso kaltetuta ez badago ere, udal langileek konponketa lanak egingo dituzte.

Maria Ubarretxena alkateak, eta Obra eta Zerbitzuetako buru Victoriano Fuentes zinegotziak prentsa agerraldia eskaini dute udaletxean, ezbeharren xehetasunak eman eta hartutako erabakiak plazaratzeko: “lehenik eta behin gure sentipena adierazi nahi diegu autobusean zihoazen 15 bidaiariei zein erreketa gertu bizi izan zuten Santa Marinako bizilagunei. Baita eskertu ere autobus gidariari, udaltzainei, suhiltzaileei zein larrialdi zerbitzuei, egindako lan azkarrarengatik”.

Ezbeharraren aurrean, eta aurrez, martxoan, Avanza SA enpresari egindako errekerimenduari jarraikiz, zerbitzua eman dezan udalak ezarritako kalitatezko parametroen barruan, Arrasateko Udalak erabaki du kontratua bertan behera uztea.

Udal ordezkariek nabarmendu dutenez, “autobus zerbitzua ez zen ona izaten ari, eta enpresarekin hori hobetzen saiatu garen arren, Arrasatek ezin du jarraitu herribus zerbitzu eskas horrekin; Arrasatek ezin du jasan autobusen erreketa gehiagorik. Azkar jardungo dugu, baina urrats sendo eta seguruen gainean, udalak legezko ondoriorik izan ez dezan”.

‘Kontratua ez betetzeagatiko kontratu errudunaren’ modalitatean etengo da kontratua. Udalak kontratuaren hasieran enpresak jarritako 157.074 euroko bermea konfiskatuko du, eta kalte-ordaina eskatuko du.

Lizitazio publiko berri bat kudeatzen den bitartean, udala hizketan ari da aurreko lehiaketan bigarren geratu zen garraio enpresarekin, zerbitzua eskaintzeko.