Udal Gobernuak Arrasate etxebizitzako eremu tentsionatu gisa izendatzeko eskaera egiteko erabakia onartu du

2025/05/30
Card image cap
"Lehen aldiz egin dugu Arrasaten tamaina honetako azterketa zehatza, eta ekintza plan batekin erantzun nahi izan diogu etxebizitzaren erronkari. Gaur-gaurkoz, gai honek ez du soluzio azkarrik, baina eremu tentsionatu izendatzeak tresna gehiago emango dizkigu arazoari aurre egiteko".

Arrasateko Udal Gobernuak, atzoko Tokiko Gobernu Batzordean, Arrasate bizitegi merkatuko eremu tentsionatu izendatzeko eskaera Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailera helaraztea erabaki zuen. Erabakia Hirigintza, Trantsizio Ekologiko eta Mugikortasun Batzordearen proposamenean oinarrituta hartu da, eta 12/2023 Legearen 18. artikuluak ezarritako baldintzak betetzen direla baieztatzen duten dokumentuak prestaturik daudelako.

Euskal Etxebizitzaren Behatokiak argitaratutako azken txostenen arabera, Arrasatek bete egiten ditu etxebizitza-eremu tentsionatu izendapena lortzeko behar diren bi irizpide nagusiak:

  1. Azken urteetan alokairuaren batez besteko errentaren hazkundea nabarmen handiagoa izan da KPIren igoera baino.
  2. Herriko zenbait eremutan etxebizitza-gastuek (alokairua eta hornidurak) familia-errentaren %30 baino gehiago ordezkatzen dute.

Egoera sozio-demografikoa eta etxebizitza beharra: datu kezkagarriak

Erabaki hau babesten duen oinarri teknikoaren arabera, Arrasateko etxebizitza-merkatua azken urteotan presio handia jasaten ari da hainbat arrazoirengatik:

  • Biztanleriaren bilakaera: azken 25 urteetan Arrasatek 1.236 biztanle galdu ditu, nahiz eta azken urteotan joera positiboa bihurtu den. Migrazio saldo positiboa, bereziki alokairu-eskaintzari esker, gorantz doa.
  • Gazteen egoera: 20-34 urte arteko biztanleriaren pisua %14,7raino jaitsi da, baina emantzipazioa nabarmen handitu da (%36,9), batez ere alokairuko etxebizitzen eskaintza berrietan.
  • Etxebizitza eskaera: 2024ko datuen arabera, 1.190 etxebizitza-eskaera aktibo daude Arrasaten; gehienak alokairurako (%89,2), eta eskatzaileen gehiengoa (65,8%) errenta baxuko pertsonak dira.
  • Alokairuaren garestitzea: 2016tik 2023ra bitartean alokairuaren batez besteko prezioa %30,7 igo da, KPIren hazkundea nabarmen gaindituz.
  • Familia-errenta eta segregazioa: barruti batean, adibidez, alokairu-gastuak errentaren %30etik gora doaz. Gainera, errenta nagusia emakumea den kasuetan edo bakarrik bizi direnen artean, etxebizitza-gastuaren pisua are handiagoa da (%50etik gora).

Udalaren helburua: etxebizitza politika eraginkorra diseinatzea

"Lehen aldiz egin dugu Arrasaten tamaina honetako azterketa zehatza, eta ekintza plan batekin erantzun nahi izan diogu etxebizitzaren erronkari. Gaur-gaurkoz, gai honek ez du soluzio azkarrik, baina eremu tentsionatu izendatzeak tresna gehiago emango dizkigu arazoari aurre egiteko. Hala ere, benetako aldaketa, etxebizitza merkatuan Udalaz gaindiko esku hartze eraginkor batekin etorriko da” azaldu du Garazi Etxeberriak, Hirigintza, Trantsizio Ekologiko eta Mugikortasun zinegotziak.


Helburua da, haren esanetan, “Arrasateko biztanle guztiek etxebizitza duina eta eskuragarria izateko aukera izatea, batez ere gazte, emakume, bakarrik bizi diren pertsona eta erosahalmen txikiko familien kasuan”.

Udal Gobernuak honako bi erabaki hartu ditu:

  1. Eskatzea Eusko Jaurlaritzari Arrasate eremu tentsionatu izendatzeko.
  2. Eskaera horrekin batera izendapena egiteko beharrezko dokumentazio tekniko osoa bidaltzea.

Ekintza planaren berri, datorren astean

Udalak jakinarazi du ekintza plana 4 ardatz nagusitan banatzen dela, eta honen berri datorren astean emango duela, horretarako propio deituko duen prentsaurreko baten azalpenak emateko. Ekintza plana honako 4 ardatzetan oinarrituko da:

  1. Alokairu eskuragarria sustatzea
  2. Bizitegi eraikinen parkea eta hiri berroneratzea
  3. Alokairurako prestazioen eta diru laguntzen sistema
  4. Gobernantza eta erakundeen koordinazioa