Udal gobernuak aurrekontu proposamen bat aurkeztu die alderdi politikoei, gizarte babesa bermatzen duena eta inbertsio maila handitzen duena

2020/10/30
Card image cap
2021eko proposamenak iazko aurrekontuaren aldean % 2,8ko igoera planteatzen du, guztira 35.800.000 euro, nahiz eta udalaren sarrerak murriztu. Hori konpentsatzeko 3 milioi euroko aurrekontua eskatuko du udalak “herritarren ongizatea bermatu eta herriaren garapena bultzatzeko, inor atzean utzi barik”.

Arrasateko udal gobernuak 2021eko aurrekontu proposamena aurkeztu du: 35.800.000 eurokoa izango da. 2020koarekin alderatuta, % 2,8ko igoera izango du, eta funts nagusi bi betetzera bideratuko da: herritarren babesa eta ongizatearen bermea, eta garapen ekonomikoa eta Arrasateren etorkizuneko zimenduen eta proiektuen garapena.

Maria Ubarretxena alkateak eta Ander Garay Ogasun zinegotziak aurkeztu dute 2020ko aurrekontu proiektuaren proposamena: “Kontu aurrerakoiak dira, eta erabat salbuespenezkoak, ikusita zer testuingurutan onartzen diren. Covid-19ak eragindako pandemia dela eta, udalaren sarrerak murriztu egin diren arren, inbertsio publikoa herriaren traktore izatea dugu jomuga, ingurune soziala zein ekonomikoa berreskuratu artean. Lehen lerroan eta indartsu egon gura dugu Covid-19a garaitzen dugunerako, azkartasunez ekiteko etorkizun hurbilari".

“Lehen eskutik ezagutzen dugu herritarren eta herriko ehun ekonomikoaren egoera. Bizi dugun paradigma aldaketa eta Covid-19 birusaren ondorioz jasandako pandemiak zuzenean eragiten die herritarrei, jarduera ekonomikoetan, hiri ekosisteman eta ekosistema naturalean. Murrizketa mota guztiak baztertuta, Arrasateko Udalak lidergoa hartu du pandemiaren aurrean, eta inor atzean utzi barik, herriaren garapen globala bultzatzea du oinarri: soziala, ekonomikoa eta jasangarria -adierazi du Ubarretxenak- era komunitarioan, gainera; herritarrekin era partekatuan. Covid-19ak kendutakoa berreskuratzea dugu jomuga, eta alor guztien modernizazioa eta optimizazioa bultzatzea, normaltasun batera iristen garenerako”.

Covid-19aren pandemiak martxoan gure lurraldean zuzenean eragiten hasi zenetik, Arrasateko Udalak sustapen neurriak ezarri zituen lehen unetik: laguntza soziala indartu, ehun ekonomikoan babes neurriak ezarri, sustapen kanpainak bultzatu edo inbertsio guztiei eutsi. Udalak hori guztia gauzatu du 2019ko aurrekontuaren 3.000.000 euroko gerakina erabiliz. Udal gobernuak bide beretik jarraitzeko proposamena egin die oposizioko alderdi guztiei 2021eko aurrekontu proiektuan.

2021eko aurrekontua osatzeko, diru sarreren aurreikuspena 32.800.000 eurokoa da, iaz baino 2.000.000 gutxiago. 35,8 milioi euroko aurrekontua osatzeko, udalak aurreikusi du 3 milioi euroko mailegua eskatzea, “honela aurrera eginez eta inolako murrizketarik aplikatu barik. Ez hori bakarrik, ongizatea bermatzeko lan ildoak ere sendotu ditugu. Salbuespen egoeran gaude, eta erantzun bereziak eskatzen ditu. Udalaren finantza egoera ona da azken urteetako gestioagatik, 0 zor egoeran gaudelako, eta horren ondorioz egoera paregabean gaude mailegua eskatu ahal izateko, aukera baitugu epe laburrean inolako arazorik gabe amortizatzeko”. 

Igoera nabarmenak gizarte zerbitzuetan, ekonomiaren sustapenean, hezkuntzan eta kulturan

Inbertsioa gehien igo den hiru departamentuak dira Kultura, % 22ko igoerarekin, Tokiko Merkataritza % 22koarekin, eta Garapen Komunitarioa % 14koarekin.

Kulturaren igoera ematen da bereziki Kulturola eta Juan Arzamendi Musika Etxearen proiektuak amaitzeko diru partidak (1.602.341,26 euro) bertan ezarri direlako.

Gizarte zerbitzuen alorrean aipatzekoa da beharra ikusi dela Covid-19aren eraginez hainbat partida indartzeko, eta etxez etxeko zerbitzurako zein pobreziaren kontrako larrialdi planetarako aurrekontuek % 40ko igoera izan dutela, 1.229.000 euro bideratuz egitasmo bi horietara.

Horrez gain, babesgabeko egoerei aurre egiteko zerbitzuaren aurrekontua 322.950 eurokoa izango da, eta tutoretzapeko etxebizitzen laguntza zerbitzua ere indartu egin da; partida osoa da 60.000 euro.

Bestetik, Lan ere Bai Berri programa indartu da 75.000 euroz, eta mendekotasun txikiko pertsonentzat bideratutako eguneko zentroaren obra egingo da Garibai etorbidea 1ean, 50.000 euro.

Hezkuntzan, esaterako, Erguin herri eskolako komunak berrituko dira. 190.000 euro bideratuko dira lan hori egiteko.

Tokiko Merkataritzaren aurrekontuan igoera nabarmenenak dira: dirulaguntzetan 33.000 euro gehiago eta merkataritzako ekintzetarako 12.000 euro gehiago; arlo honetara bideratzen den zenbatekoa da 250.180 euro.

Proiektuen artean daude: Ekobulebarra, Galizia kaleko igogailu publikoa, Leintzibar kaleko bidegorriaren lotura edo autobus linea berria.

Ekobulebarraren obra 2021eko urtarrilean hasiko da. 1.250.000 euroko partida ezarri da funts hori betetzeko. Horrez gain, bultzatuko da zuntz optikoa ezartzea erdigunean zein baserriguneetan: zuntz optikoa erdialdean jartzeko proiektua egiteko, udalak proposatzen du 20.000 euroko partida bat sortzea, eta baserrigunetara bideratzeko, Aldundiaren bitartez egingo da lana.

Leintzibar kalean bidegorria egiteko proiektua egin dadin, 15.000 euroko partida hobetsi da, Araba etorbideko eta Arrasate pasealekuko bidegorri sareak lotzeko.

Galizia kaleko igogailu publikoaren proiekturako, 110.000 euro bideratzea proposatzen da. Garagartzako auzoan fibro-zementoko hodiak aldatzeko, 150.000 euroko partida bat ezarri da, eta Parcour parkea egiteko Obenerrekako frontoian, 120.000 eurokoa, Arrasate kirol herria izatea bultzatzeko.

Udalak 420.000 euro bideratuko ditu langabeak udalak berak kontratatzeko, Udaleko Enplegu Planaren barruan, eta laguntzak emango ditu: 35.000 euro enpresa berriak sortzen laguntzeko, 30.000 euro langabeen formakuntza hobetzeko edo 87.500 euro langabeak herriko enpresek kontratatzeko.

Horrez gain, herribus linea berria jarriko da martxan, zuzenagoa, TAOren egitasmoaren barruan erdialdea eta disuasio parking-ak lotuko dituena transbordadore modura – 217.500 euro). Herriko garraio publikoaren zerbitzura 747.500 euro bideratu dira, eta garraio publikoa irabazi asmorik gabeko zerbitzua denez, 110.000 euro bideratu dira, horrek eragingo duen defizita estaltzeko.

Herritarrekin batera definituko dira partaidetza prozesuan kiroldegi berria eta Jose Luis Iñarra kalearen eraldaketa

Udal gobernuak 250.000 euroko diru partida ezarri du parte hartzeko prozesuak bultzatzeko, eta horrela, politika publikoen erdigunean herritarra jartzeaz gainera, parte aktibo bilakatu dadin Arrasateren eraketan.

Hainbat egitasmoren artean, Jose Luis Iñarra kalean, Altamiran eta Altamirazpin  zer egin erabakitzeko prozesu partehartzailea martxan jartzeko, udal gobernuak proposatu du 15.000 euroko partida bat sortzea, eta 20.000 euroko partida bat herritarrek kiroldegi berria zelakoa izatea gura duten irudikatzeko.

Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoekin proposamena lantzeko tartea

Udal gobernuak aurrekontu proposamena helarazi die udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiei, eta behin betiko proposamena Ogasun batzordean aztertuko da. Udalaren helburua da 2021eko aurrekontua abendu hasieran onartzea.