Udal gobernuaren agintaldi erdiko balantzea: “bi urtez politikagintza berri bati ateak zabalduz”

2025/06/17
Card image cap
Gobernu planean jasotako proiektuen %70a martxan daude edo eginak daude. Martxan dauden proiektuen artean, gehienak, egikaritze fasean daude, fase garatuenean. Politika sozialen jauzi kualitatiboa, hirigintza eredu atsegin eta komunitarioagoa, eta ekimen herritar eta parte hartzaileen gorakada nabarmendu ditu Udal Gobernuak.

2023ko ekainaren 17an izendatu zuen Udalbatzak Maider Morras Azpiazu Arrasateko alkate, eta orduan abiarazi zuen Udal Gobernuak bere ibilbidea. 2 urte igarota, eta agintaldiaren ekuatorean, bi urteren balantzea egin du Udal Gobernuak: “asko egin badugu ere, asko dago egiteko” laburbildu dute.

“Politikagintza berri bat egiteko mandatua jaso genuen, eta horretan ari gara. Horrek baina, proiektu askotan, zerotik hasi beharra ekarri du, eta proiektu horien oinarri izan diren azterketa, diagnosi eta diseinu faseak egikaritzen aritu gara bi urte hauetan. Aurrerantzean, oinarri hauen emaitzak ikusten hasiko gara, izan hauek politika sozialak edota hirigintza proiektuak” azaldu du Maider Morrasek, Arrasateko alkateak.

Gobernu planaren betetze maila “bide onean”

Agintaldi honetako lehen hilabeteetan aurkeztutako Gobernu planari erreparatuta, proiektuen betetze maila “oso altua” dela adierazi dute. Horren kontu emateko plazaratu dute Gobernu Planeko proiektu guztien betetze maila taula honeta. Hemen datu batzuk:

  • %22,5 ezarrita - eginda - amaituta (more kolorez)
  • %26,6 ezarpen/egikaritze fasean (berde kolorez)
  • %20,96 diseinu/abiatze fasean (hori kolorez)
  • %12,1 analisi fasean (laraja kolorez)
  • %17,7 datozen bi urteetan martxan jartzeko neurriak

Gobernu planean jasotako proiektuen %70a martxan daude edo eginak daude. Martxan dauden proiektuen artean, gehienak, egikaritze fasean daude, fase garatuenean. Horiez gain, “herritarren eskaera askori erantzuten izan gara urte hauetan” azaldu du Morrasek. “Herritarrek eskatutako gauza txikiak eta ez hain txikiak burutzen aritu gara urte hauetan ere: auzo eta instalazioetako mantentze eta hobetze lanak eginez, eta auzotarren eskakizun bereziei bide eginez, esate baterako Gorostizako igogailuak. Auzotarren premiak entzunez joan gara beharrak asetzeko bideorri bat diseinatzeko, eta horretan jarraitzen dugu gaur egun ere, etenik gabeko prozesu bat bezala ulertzen baitugu”.

Jauzi kualitatiboa politika sozialetan

"Oinarri komunitarioa duen herria nahi genuela esan genuen Gobernu Planean, eta, Udal gobernuan bi urte bete diren honetan, argi eta garbi esan dezakegu politika sozialetan jauzi kualitatibo bat eman dugula. Gobernu aldaketak eragin nabaria izan du udalaren jardunean, eta batez ere arlo sozialean aldaketaren lehen urratsak ikusi ditugu, Arrasate sozialki agertoki berri batean jarri nahi baitugu, bizi kalitatea hobetuko duen agertoki batean. Gizarte politika publikoek norabide argiago eta inklusiboago bat hartu dute, komunitatea erdigunean jarriz eta inor atzean ez uzteko konpromiso sendoarekin. Azpimarratzekoa da, gainera, bi urte hauetan aktibatu diren proiektu gehienak diagnosi fasean izan direla, eta, ekintza plan errealista eta eraginkorrak martxan jartzeko oinarri sendoak ezarri direla. Guzti hori eragileen zein herritarren parte hartzearekin egin da, erabakigune eta lanerako espazio eta kontseilu berriak sortuz".

Honako hauek dira Udal Gobernuak aipatu dituen hainbat proiektu:

  • Auzo alkatetzen berraktibazioa eta etenik gabeko hartuemana, “gertuko gobernantza ereduan urratsak emanez”.
  • Parte hartze dinamika berriak martxan jartzea, eta guzti hauek bateratuko dituen parte hartze ordenantza aktibatu.
  • Feminismoa eta LGTBIQ+ politiketan jauzi kualitatiboa:
    • Emakume txokoa Tren Geltokira mugitzeko oinarri teknikoak ezartzea, 2027rako egina egotea espero da.
    • LGTBIQ+ diagnostikoa burutu da, eta ekintza plana diseinatzeko oinarriak ezarri dira. Arrasate guztiontzat bizigarriago egiteko asmoz.
    • Zaintza lanak duintzeko politikak martxan jarri dira. Udaletik ekimena martxan jarri da, eta, bidean, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlan hitzarmen bat bideratuko da proiektu berritzaile bat martxan jartzeko. Datozen asteetan emango da proiektuaren berri.
  • Etxebizitza diagnosia egin da, eta Udalak dagoeneko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari Arrasate etxebizitza gune tentsionatu izendatzea.
  • Arrasateko Osasun Ekosistema indartzeko neurriak martxan jarri ditugu,
    • Herriko gazteen Osasun Mentalaren egoera hobetzeko diagnosi eta ekintza plana jarri dugu martxan.
    • “Debagoiena Ehuntzen: bakardadearen korapiloa askatu” proiektua jarri dugu martxan Debagoieneko beste herriekin batera, proiektuaren gidaritza Arrasateko Udalean dagoelarik.
    • Herri osoan zehar desfibriladore sistema ezarri da.
    • Nagusien Kontseilua sortu berritan, elkarlana estutu dugu.
  • Gizarte kohesio eta eskubideen defentsan politika publikoak: Aniztasun eta Bizikidetza plan berriak jauzi kualitatibo handia. Asko dago egiteko, baina abiapuntu eta oinarri handia jartzen ari da, talde zabala eratuz.
  • Eskola Kontseilua sortu da: Honen oinarriak ezarri dira eta dagoeneko egin du lehen bilkura kontseiluak. Parte hartzaileen artean daude: Arrasate Herri Eskola eta Guraso elkartea, Arizmendi Ikastola eta guraso ordezkaritza, Arrasate BHI, Arrasate Musikal, Udala, LEK, Txatxilipurdi, Haur eta Guraso Asanblada, Udal Euskaltegia eta Elhuyar. Orain martxan jarri den tresna parte hartzaile berri honek, beste proiektu batzuen aktibaziorako funtsezkoa izatea nahi da:
    • Arrasatek Hezik proiektuaren filosofia berreskuratzea.
    • Monterron Jauregia hezkuntzari lotutako proiektu baten diseinua egikaritzen hastea.
  • Fiskalitate progresiboa ezartzeko urratsak eman ditugu, diagnostiko sakon bat eginez. Datozen hilabeteetan proposamen teknikoa esku artean izatea espero dugu.
  • Udala herritarrei gerturatzea:
    • Komunikazio kanal berriak sortu dira Udalaren berri izan eta gertukoa sentitzeko.
    • Udalaren digitalizazio urratsak: Arrasate 360 mapa sortu dugu, eta laster etorriko dira txartel digitalak, Adimen Artifizial bitartezko laguntza zerbitzuak etabar.
  • Euskararen plana:
    • Udal barrurako euskararen plan estrategikoa eta hizkuntz irizpideak 2024ko abenduaren 3an onartu zituen udalbatzak.
    • Dagoeneko martxan dago herrirako plan estrategikoaren lanketa, euskagintzako eragileekin elkarlanean. Herrirako plana 2025ko udazkenean onartzea espero dugu.
  • Gazteentzako ikasle gela autogestionatua zabaldu dugu, eskaera historiko bati erantzuna emanez.
  • Garapen ekonomikoan, etengabeko elkarlanean ari gara herriko komertzio txikiarekin, konponbide berriak bilatuz egungo arazo globalek Arrasaten eragiten dituzten kalteei aurre egiteko. Horretarako eskualde mailan ere lanketa abiatu dugu.
    • Elikadura mahaia sortzen ere jardun dugu; elikadura eta bertako produktuen kontsumo arduratsuan lan egingo duen mahaia sortzen gabiltza, azokaren obran eta berritze lana ere bertan lantzen ari delarik. Aurrerago emango dugu honen berri.

Hirigintza eta mantenu lanak, herri atsegin baterako

"Bizitzeko herria eraiki nahi genuela defendatu genuen Gobernu Plana aurkeztean, herri ekintzaile eta aktibo baterantz jauzi eginez, eta, azken bi urteotan, Hirigintza, Obrak, Zerbitzuak eta Mantentze lanen arloan aurrerapauso garrantzitsuak ematen ari gara, herritarrak erdigunean jarriz hirigintza eredu berri baten oinarriak ezartzen. Helburua argia da: Arrasate atseginago, bizigarriago eta jasangarriago bat eraikitzea, auzo eta espazio publikoak hobetuz eta erabilera komunitarioa sustatuz. Prozesu hau herritarrekin elkarlanean ari gara gauzatzen, entzute aktiboaren eta parte-hartzearen bidez” azaldu du Garazi Etxebarria zinegotziak.

Honako hauek dira Udal Gobernuak aipatu dituen hainbat proiektu:

  • Mugikortasun Jasangarrirako plana onartzea: bizi kalitatea hobetzeko asmoz herriko hainbat gune berrantolatu dira, oinezkoei eta bizikletei lehentasuna emanez, eta eremu batzuk baketuz. 5 urtetarako plana da, beraz, bi agintaldietan banatuko dira esku hartzeak.
  • Iturripeko kiroldegi berria: zerotik hasi beharra egon zen Iturripeko proiektua, eta dagoeneko martxa ona hartu du. Dagoeneko aurreproiektua definituta dago, eta laster egongo dira oinarri guztiak prest. Aurreikuspena da 2026ko lehen hilabeteetan lanak abiaraztea.
  • Amaia Antzoki berriaren aurreproiektua laster aurkeztu ahal izango dugu. Aurreikusitakoa baino proiektu handiagoa izango da, eta antzoki erabat berria izango dugu. Inbertsio handiagoa suposatuko digu, baina aukera berriak eskainiko dizkigu kulturalki eta Arrasate eta Debagoieneko sektore sozioekonomikoari.
  • Energia jasangarria sortzeko urratsak ematen ari gara, Uarkapeko eguzki plakekin. Horrez gain, eskualde eskalan ere aktiboki parte hartu dugu Energia Bulegoa aktibatzen, edota Argitzen prozesu deliberatiboan parte hatuz.
  • Bidegorri sarea berrikusi eta zati berriak zabaltzeko proiektu fasean ari dira: Araba etorbidea, Nafarroa etorbidea…
  • Hiri Antolamendu Plan Orokorra berritzeari lotutako hainbat azterketa eta aurretiazko lanak jarri ditugu martxan parte hartze prozesu ezberdinekin: azpiegitura berdeak, irisgarritasun plana, genero azterketa, zarataren mapa…
  • Mantentze lan etengabeak egiten ari gara, herriko azpiegiturak eta zerbitzuak eguneratu, mantendu eta duintzeko, eguneroko bizitzaren kalitatea hobetuz.

Ate berri bat etorkizunari

“Bi urtetan egindako gauzak asko izan badira ere, asko dago egiteko” baieztatu du Morrasek. Zentzu horretan, datozen urteetan orain arte jarritako oinarrien fruituak jasotzea aurreikusten du gobernuak. “Bai hirigintza alorrean eta baita sozialean, Arrasate agertoki berri batean kokatuko da, aukera berriak eskainiko dizkigunak herritar guztiei, baina baita ehun sozioekonomikoei ere”. Zentzu horretan, datozen urteetan Arrasateren transformazio sozial eta arkitektonikoa ikusten hasiko da, nahiz eta horiek epe ertainera amaituko diren.

Udalaren egoera finantzario ona, etorkizuneko inbertsioei aurre egiteko

Udalaren egoera finantzarioa “oso ona” dela adierazi dute Udal ordezkariek. “Datozen urteetan Udal instalazio berriak eraikitzeko egin beharko ditugun inbertsioak oso handiak dira, eta ezingo litzateke horrelako inbertsio-planik sostengatu, Udalaren kontuak ez baleude osasuntsu. Hori esanda, berriro gogorarazi nahi dugu, proiektu horiei aurre egiteko, datozen urteetan Udalak kreditu bat eskatzea litekeena dela, zorpetze jasangarria izanik eta Arrasateren biztanleria-mailarekin baliokidea izango dena”.

Koalizioan, elkarlanean

Gobernua osatzen duten EH Bildu eta Elkarrekinek balorazio positiboa egin dute 2 urte hauena. “Etengabeko elkarlana dago alor guztietan eta koalizioa indartsu dago. Motibazio osoz ari gara lanean eta horretan jarraitu nahi dugu, Arrasaterentzat aukera berriak zabalduz” azaldu dute Kepa Urteagak eta Eva Abuinek.