Udal Hezkuntza Kontseilua berreskuratuko du Arrasateko Udalak, hezkuntza herriaren ardura partekatu gisa sendotzeko

2026/05/05
Card image cap
Herri hezitzailearen ikuspegiarekin, tokiko hezkuntza-ekosistemaren gobernantza partekaturako tresna iraunkorra izango da. Kontseilua izaera anitzeko kideek osatuko dute, herriko errealitate desberdinak islatzeko. Aho batez onartu du Udalbatzak proposamena.

Arrasateko Udalak urrats esanguratsua eman du herri hezitzailearen bidean, Udaleko Hezkuntza Kontseiluaren berreskuratzea eta arautegia onartuta. Organo berri hau ez da soilik aholkuak emateko gune bat izango, baizik eta tokiko hezkuntza-ekosistemaren gobernantza partekaturako tresna iraunkorra izango da.

Udal Hezkuntza Kontseiluaren misio nagusia Arrasateko haur, nerabe eta gazteen hezkuntza-eskubidea bermatzen laguntzea da. Helburu hori lortzeko, ekitatea, inklusioa, bizikidetza, herri kohesioa, euskara eta ongizate integrala hartuko ditu ardatz gisa.

Herri hezitzailearen filosofia 

Kontseilu honen oinarrian "herri hezitzailearen" ikuspegia dago: hezkuntza ez da soilik ikastetxeen edo familien zeregina, baizik eta herriko eragile guztien ardura konpartitua. Horrela, udalak, hezkuntza formaleko zein ez-formaleko kideek eta herrigintzako eragileek elkarlanean jardungo dute eskolaz eta familiaz harago doan hezkuntza-eredu bat sustatzeko.

Jasone Giraldok, Hezkuntza zinegotziak eta onartu berri den Kontseiluko lehendakariak, honako hau adierazi du organo berriaren garrantziaz:

"Gaur urrats handi bat eman dugu Arrasaterentzat. Eskerrak eman nahi dizkiegu hezkuntza-komunitateko eragile guztiei araudi hau osatzeko prozesuan erakutsi duten lanerako prestutasunagatik eta egin duten esfortzu handiagatik. Kontseilu hau elkarlan horren emaitza da, eta argi erakusten du hezkuntza herriaren motorra dela. Eragile guztien inplikazioari esker, gure haur eta gazteei aukera-berdintasuna eta ongizatea bermatuko dien ekosistema indartsu bat eraikitzen jarraituko dugu, herri gisa ditugun erronkei erantzun bateratuak emanez."

Ordezkaritza anitza eta gardentasuna 

Kontseilua izaera anitzeko kideek osatuko dute, herriko errealitate desberdinak islatzeko: talde politikoak, ikastetxeetako zuzendaritzak, irakasleak, familiak (guraso elkarteak), ikasleak, eta hezkuntza ez-formaleko zein aisialdiko eragileak (Arrasate Musikal, Txatxilipurdi, eta abar).

Herritarrekiko gardentasuna bermatzeko, Kontseiluak urteko memoria bat argitaratuko du bere jardunaren berri emateko, eta lau urtez behin "Arrasateko Hezkuntza Egoeraren Txostena" eguneratuko du. Gainera, saioak euskara hutsez izatea lehenetsiko da, hizkuntza eta euskal kultura hezkuntzaren funtsezko ardatz gisa sustatuz.