Udala auzoan uda garaian kotxeen pilaketak sortzen dituen arazoen aurrean, Arrasateko Udalak hainbat neurri hartuko ditu
2025/07/01
Uda sasoiaren etorrerarekin batera, Udala auzoan kotxeen pilaketa handia gertatzen da urtero, eta honek trafikoan eta auzoko bizilagunen eguneroko joan-etorrietan arazo larriak sortzen ditu. Egoera horri aurre egiteko, Arrasateko Udalak hainbat neurri hartu ditu uda honetarako, eta epe ertain eta luzerako proiektuak ere martxan jarri ditu.
Larrialdi zerbitzuentzat oztopoa
Auzo horretako bizilagunek urte luzetan eskatu dute trafiko arauak zorrotzago betearaztea, izan ere, gaizki aparkatutako ibilgailuek sarritan oztopatzen dute errepideko zirkulazioa, eta horrek ondorio larriak izan ditzake.
Udaltzaingoak dagoeneko jakinarazi du auto masifikazioak larrialdi-zerbitzuetarako (anbulantziak edo suhiltzaileak) dakarren arriskua. Larrialdi-egoera sortuko balitz, ezingo litzateke bermatu zerbitzu horiek iritsiko direnik. Adibidez, aurreko urtean, anbulantzia bat ezin izan zen auzora sartu, kotxe pilaketagatik. Arazo larri horiek ekiditeko neurriak hartuko dute Udalak eta Udaltzaingoak.
Horrez gain, baserrietako sarrera-irteerak ere blokeatuta geratzen dira, eta horrek eragiten du auzotarrek beren lanerako ezinbestekoak dituzten traktoreak eta bestelako tresnak erabiltzea ezinezko izatea.
Parking berria eta urbanizazio lanak
Auzoko egoera hobetzeko asmoz, Arrasateko Udalak urbanizazio lanak egingo ditu datozen urteetan, bizilagunek azken 20 urteotan etengabe eskatu dituztenak. Proiektu horrek aparkaleku berri bat barne hartuko du, ibilgailuentzako azpiegitura egokiagoa eta handiagoa bermatuz. Aurten idatziko da proiektua, eta obrak 2026 urtean zehar hastea aurreikusten da.
Udaltzaingoaren zaintza eta isunak
Lan horiek iristen diren bitartean, errepidearen segurtasuna bermatzeko eta auzoko bizikidetza errespetatzeko helburuarekin, Udaltzaingoak trafikoaren zaintza zorrotzagoa egingo du uda honetan. Horren ondorioz, gaizki aparkatutako ibilgailuek isunak jasoko dituzte, araudiaren arabera.
Asteburuko autobus zerbitzu berezia
Kotxeen erabilera saihestu eta garraio publikoa sustatzeko asmoz, udalak autobus zerbitzu berezia jarriko du martxan asteburuetan, erdigunea eta Udala auzoarekin lotura bermatzeko.
- Zerbitzuaren indarraldia:
- Ekainaren 20tik irailaren 14ra arte, asteburu guztietan: ostiraletan, larunbatetan eta igandeetan.
- Geltokiak: San Frantzisko (2. linea), Erguin (2. linea) eta Udala auzoa.
- Ordutegia:
- Arrasate → Udala:
- 10:00, 11:00, 12:00, 13:00, 14:00, 14:30, 15:00, 15:30, 16:00, 16:30, 17:00, 18:00, 19:00, 20:00, 21:00
- Udala → Arrasate:
- 10:30, 11:30, 12:30, 13:30, 14:15, 14:45, 15:15, 15:45, 16:15, 16:45, 17:30, 18:30, 19:30, 20:30, 21:30
- Prezioa: 0,50 € bidaia bakoitzeko.
- Ordainketa eskudirutan soilik (ez da onartzen Lurraldebus/Mugi txartela).
- Zerbitzua emango du: Cuadrabus enpresak.
Udala auzora modu arduratsuan igotzeko aholkuak
- Erabili garraio publikoa ostiraletik igandera
- Etengabeko autobus zerbitzua egongo da ostiraletik igandera.
- Auto pilaketa ekiditeaz gain, natur espazioaren jasangarritasunean ere lagunduko duzu.
- Partekatu ibilgailuak kotxe bakarrarekin
- Lagunekin edo senideekin kotxea partekatzea aukera ona da.
- Kotxe gutxiago = trafiko gutxiago
- Aparkatu soilik leku seinalatuetan
- Ez aparkatu marra jarraitua dagoen lekuetan, izunak jasotzeko arriskua izango duzu.
- Udalara igotzeko natur bideak erabili
- Udala auzoa landa auzo bat da, eta natur bidea dago Udalara igotzeko.
- Naturaz gozatzeaz gain, bizi aktiboa sustatzeko aukera izango duzu.
- Errespetatu auzoa eta natur ingurunearen lasaitasuna
- Gogoratu bizilagunak urte osoan bizi direla Udalan, ingurunea errespetatzea guztion ardura da.