Udala lanean ari da kiroldegiko txiringitoa ahalik eta azkarren irekitzeko
2026/07/15
Udalak badaki kiroldegiko txiringitoaren zerbitzuak herritarrentzat duen garrantzia. Horregatik, azken asteotan gertatutakoaren berri eman eta datozen egunetan emango diren urratsak azaltzea egoki iritzi dio.
Gaur egungo egoera
Txiringitoa kudeatzeko lizitazio publikora bi eragile aurkeztu dira: IMME elkartea eta Amerika Elkartea (hemen lehiaketaren prozesuko informazio publiko guztia). Lizitazio-prozesuan eskatutako dokumentazioa ez delako epe barruan aurkeztu, nahiz eta hainbat aldiz dokumentazioa aurkeztuko zela adierazi, momentuz ezin izan da txiringitoaren kudeaketa esleitu.
Esleipena egiteko proposatutako erakundeari kontratuan aurreikusitako dokumentazioa aurkezteko eskatu zitzaion. Hala ere, ez du eskatutako dokumentazioa aurkeztu, eta, ondorioz, une honetan Udalak ezin dio kontratua esleitu.
Gainera, erakundeak ez dio esleipen-prozesuari uko egin, nahiz eta dokumentazioa ez duela aurkeztuko jakina izan. Horren ondorioz, Udalak administrazio-prozeduran ezarritako epeak eta izapideak errespetatu behar ditu, eta horiek amaitu arte ezin du hurrengo aukera aztertu.
Egoera horren aurrean, Udalaren lehentasuna ez da arazoa azaltzea bakarrik, baizik eta irtenbidea lehenbailehen bilatzea.
Irtenbide baten bila
Horregatik, Udala dagoeneko harremanetan jarri da hainbat elkarterekin, indarrean dagoen araudiak ahalbidetzen dituen aukerak aztertzeko eta txiringitoa ahalik eta azkarren ireki ahal izateko. Helburua argia da: uda honetan herritarrek berriro txiringitoaren zerbitzua erabiltzea.
Etorkizunera begira
Azken prozesuak erakutsi du hobekuntzarako tartea badagoela. Horregatik, datorren urterako Udalak txiringitoaren kudeaketa arautzen duten baldintzak berrikusiko ditu, parte-hartzea errazteko, interesa handitzeko eta etorkizunean antzeko egoerak saihesteko.
Udalak eskerrak eman nahi dizkie herritarrei erakutsitako ulermenagatik, eta lanean jarraituko du txiringitoa ahalik eta azkarren ireki eta kiroldegiko erabiltzaileek merezi duten zerbitzua bermatzeko.