Udalak erabaki du “Eguzki energia kaptatzeko sistemak jartzea arautzen duen udal ordenantza” eguneratzea

2021/09/23
Card image cap
Arrasateko Udalak, energia trantsizioarekin eta energia berriztagarriekin duen konpromisoari eutsiz, erabaki du 2007tik indarrean dagoen ordenantza moldatzea. Ordenantza berriak aldaketak barneratu gura ditu, aurrekoak zituen hutsuneak bete eta gaur egungo testuinguruari erantzun sendoa emateko.

Arrasateko Udalak apurka-apurka pausoak ematen dihardu energia berriztagarriak ezartzeko zein trantsizio energetikoari eta klima aldaketari aurre egiteko. Horien artean adibideetako bat da SHREC Interreg Europe proiektuaren barruan garatutako FV-Etxean gidaren proiektua. Gida horren helburua da Arrasateko etxebizitzetan eguzki energia fotovoltaikoa sortzeko eta kontsumitzeko instalazioak sustatzea.

Eguzki energiari lotuta indarrean dagoen ordenantza 2007an onartu zen eta ez dio erantzun egokia ematen gaur egungo egoerari, izan ere, besteak beste, debekatzen du eraikin mota zehatz batzuetan instalazio fotovoltaikoak ezartzea. Hori dela eta, Arrasateko Udalak lanak hasi gura ditu eguzki energia aprobetxatzeko instalazioak arautuko dituen ordenantza aldatzeko.

Horretarako eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 133. artikuluan jasotzen denari erantzunez, gaiarekin lotura duten pertsona fisikoei eta juridikoei epealdia zabaldu gura die udalak, egingo den ordenantza berriari ekarpenak egiteko.

Horrela udaleko web orriaren bidartez, partaidetzazko prozesua zabaldu da.