Udalak abian jarri du Natura Ibilbideen Sareko bideak eta bidezidorrak garbitzeko lanen adjudikazioa

2021/03/16
Zehazki, 49 km-ren mantentze lanak egingo ditu, aipatutako sarea eta sare horrek biltzen dituen bide eta bidezidor guztiak behar bezala bermatzeko.

Arrasate udalerria inguratuta dago baso hostotsu eta berdeez, harkaitzez eta kobazuloez, eta horren ondorioz, ingurune natural aberatsa du, eta paisaia balio handikoa, Udalatx mendia beti buru dela. Hainbat aukera dugu mendi horren gailurrera igotzeko: baserri auzoetako ibilbideak, Udalatx mendiko bidezidorrak edo homologatutako hainbat ibilbide, guztiak ere Natura Ibilbideen Sarearen barruan jasoak, eta guztiak dira egokiak udalerriak eskaintzen duen balioaz eta paisaia naturalaz gozatzeko.

Eta, zehazki, balio natural hori bultzatzeko eta Natura Ibilbideen Sarearen egoera egokia mantentzeko eta bermatzeko, Arrasateko Udalak prozesua abiarazi du bertan jasotako bideen eta bidezidorren garbiketa adjudikatzeko, 12.213,50 euroko aurrekontuarekin, BEZ barik.

Lanak ekain eta abuztu bitartean egingo dira, eta bideak hartzen dituzten sasiak eta beste landaredi mota batzuk kenduko dira, ibiltarien eta txirrindularien segurtasuna bermatzeko. Gainera, jatorri antropikoko hondakinak jasoko dira, hala nola plastikoak eta bestelako hondakinak. Guztira, bidezidor naturalen sareko 49 km-ren bideetako mantentze lanak egingo dira, eta 1.500 m²-ko sastrakak kenduko dira, iturriak eta ibilbidean interesa duten beste elementu batzuk gaitzeko, hala nola informazio panelak eta seinaleak.