Udalak Arrasateko LGTBIQ+ pertsonen bizitza hobetzeko proposamena aurkeztuko du egubakoitzean
2025/06/10
Ekainaren 13an, arratsaldeko 19:00etan, Kulturateko Klaustroetan, Arrasateko LGTBIQ+ kolektiboarentzako mugarri izan nahi duen aurkezpena egingo da. Arrasateko Udalak, herriko hainbat eragilerekin elkarlanean, sexu- eta genero-aniztasuna erdigunean jarriz egindako diagnostikoaren eta ekintza planaren lehen emaitzak aurkeztuko ditu.
84 lagun eta hainbat eragile sozialek parte hartu duten prozesu parte-hartzaile honen bidez, kolektiboaren egunerokotasuna zeharkatzen duten esparruak jorratu dira: espazio publikoa, segurtasuna, sexilioa, familia, lana, aisialdia, osasuna, kirola, eskola, kuadrilla eta militantzia, besteak beste.
Aurkezpen bat baino asko gehiago
Aurkezpena ez da ohiko txostena edo erakusketa hutsa izango. Udalaren helburua da ekitaldi hau abiapuntu bilakatzea, Arrasate denontzat —eta bereziki LGTBIQ+ pertsonentzat— bizigarriagoa, seguruagoa eta inklusiboagoa izango den herri baten aldeko proposamen eta aldarrikapenak plazaratzeko.
Ekitaldia irekia izango da herritar guztientzat, eta gonbidapen berezia luzatu nahi da LGTBIQ+ kolektiboko kideei, komunitateari eta herritar orori: “elkarrekin idatz dezagun gure memoria eta etorkizun kolektiboa. Gure iraganeko gu bakoitzari zor diogu etorkizun hobe bat eta orainaldi bizigarriago bat” adierazi dute.
Aurkezpen ekitaldiaren ondoren ikusgarritasun LGTBIQ+ kaljira musikatua egingo dute.
Hitzordua: Ekainak 13, egubakoitza, 19:00etan
Lekua: Kulturateko Klaustroak